Telesail gutxietsiak: 'Boardwalk Empire'
56 atalen ostean, harrokeriarik gabe eta zarata gutxi ateraz, 2014 urtean, betiko agur esan zigun telesail ‘erraldoi’ honek. Bost urtez jarraitu genituen pertsonaia ahaztezinez jositako istorio izugarri eta bortitza; pantaila txikiaren historian letra larriz idatzita geratu diren sekuentzia eta une hunkigarri zein beldurgarriz osatutako antologia dramatikoa, baina zoritxarrez "telesail gutxietsien" edo "ahaztuen" multzoan geratu dena.
Mafiari eta krimenari buruz hamaika film eta telesail ikusi ditugu, baina horietan konplexuena eta biribilena izan liteke Boardwalk Empire. The Godfather (Francis Ford Coppola, 1972), Scarface (Brian De Palma, 1983) edota Goodfellas (Martin Scorsese, 1990) bezalako maisulanak dakarzkit aldika burura, eta horrek telesailen olinpora zuzenean sartzeko baimena ematen dio.
Istorioa Atlantic City hirian kokatzen da, eta 1920an hasi eta 1931n amaitu; ondorioz, AEBetan lege-lehorra indarrean egon zen garaia du aztergai. Garai hartan negozioaren capoetako bat izan zen Nucky Johnson du protagonista. Bost denboraldi sutsutan zehar ikusiko duzun bezala, bizitza zaila izan zuen, eta negozio ilunetara egindako bidaia progresiboak inolako barkamenik merezi ez duen gangster bihozgabe bihurtu zuen.
Pertsonaien arteko borroka morala da, heriotza eta erredentzioarekin batera, telesail osoa harilkatzen duen gaia, eta istorio kaleidoskopioaren bitartez AEBetan krimen antolatua nola sortu zen erakutsi digu. Horri oso gutxitan ikusi dugun giropen-lan ikusgarria eta atal tekniko bikaina gehituz gero, maisulan baten aurrean gaudela ohartuko zara.
Hala ere, meritua ez da Terence Winter gidoilariak (Martin Scorsese handia guztia gainbegiratzen izan duela) sortu duen istorioarena eta alderdi teknikoarena soilik. Telesailaren euskarririk sendoena pertsonaia ahaztezinez jositako armiarma sare perfektua da, eta horiek gorpuzten dituzten aktoreen lan bikaina. Ongia eta gaizkia gorpuzten dituen Margaret, Al Capone basati eta izugarria, Arnold Rothstein eta bere esne edalontzia, krimen antolatuaren aita Lucky Luciano edota guztion pertsonaia kuttun izatera heldu den Richard Harrow dituen telesailak ez du askoz gehiagorik behar.
Kasinoak, gangsterrak, tiroak eta politikari ustelak nonahi. Azken finean, The Sopranos telesailak gure barnean utzi zuen hutsune hori betetzea lortu zuen mundua izan liteke.
__________________________________
Urtea: 2010-2014.
Zuzendariak: Timothy Van Patten, Allen Coulter, Jeremy Podeswa.
Ekoizleak: Terence Winter (The Sopranos), Martin Scorsese, Mark Wahlberg.
Aktoreak: Steve Buscemi, Kelly Macdonald, Shea Whigham, Michael Shannon, Stephen Graham, Michael Pitt.
Herrialdea: AEB
Denboraldiak: 5
Atal kopurua: Lehen lau denboraldiek hamabi atal dituzte eta azkenak zortzi. Guztiek 60 minutuko iraupena dute.
GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
- The Sopranos (1999-2007).
- Peaky Blinders (2013-...).
- Gomorra (2014-...).