Telefonoan hiru minutu baino gehiago itxarotea ilegala izango da

Espainiar Gobernuak telefonoan zain egoteko denbora mugatuko du, gehienez hiru minutu artatuak izan arte.

Lege berria indarrean jartzean Espainiar Estatuko telefono bidezko arreta zerbitzua hobetu egingo da. Hori da asmoa behintzat. Horregatik, Espainiar Gobernuak Bezeroen Arreta Zerbitzuaren Legea aurkeztu du. Arau berri honek telefono itxaronaldiak mugatu nahi ditu.

Oraindik ez da indarrean sartu, baina laster lege bihurtzea espero da. Behin arau bihurtuta, telefono itxaronaldiak gehienez hiru minutukoak izan beharko dute. Denbora hau gainditzen duten erakundeek 100.000 euroko isunak izan ditzakete zigor moduan, beti ere zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eragiten badie edo behin eta berriro gertatzen baldin badira itxaronaldi luzeak. 

"Amaitu dira frustrazioa sortzen duten itxaronaldi infinituak", adierazi du Alberto Garzon, kontsumo ministroak. Itxaron denborari muga jartzeaz gain, legeak debekatu egingo ditu, bezeroak artatzeko, modu esklusiboan, robotak erabiltzea. Hau da, erakundeek erabili ahalko dituzte, baina beti eskaini beharko da pertsona batek artatzeko aukera, bezeroak espresuki hala eskatu badu behintzat. 

Hori gutxi balitz, erreklamazio eta kexa orokorrak konpontzeko denbora 30 egun baliodunetatik 15 egun baliodunetara murriztuko du lege berriak. 

Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeei dagokienez, adibidez argia edo gasa eskaintzen dutenek, 24 orduko bezeroen arreta zerbitzua eskaini beharko dute urte osoan zehar hornidura mozketak baleude ere. Hori bai, Bezeroen Arreta Zerbitzuaren Legeak enpresa guztiei eragingo die, izan publiko edo pribatu, beti ere ura, energia, garraioak, zerbitzu postalak, telefonia zerbitzuak edo zerbitzu finantzarioak eskaintzen badituzte. 

Gainera, 250 langile baino gehiagoko erakundeek eta 50 milioi euro baino gehiagoko negozio bolumena dutenek, aurretiaz aipatutako sektorekoak ez izanda ere, baldintza hauek betetzen direla frogatzeko ebaluazio sistema bat txertatu beharko dute. Sistema hori kanpoko erakundeek ikuskatuko dute.