Teknologia berrien aplikazio solidarioenak
Teknologia berrien bidez garun paralisia duten pertsonen egunerokoa
errazteko lanean ari dira Aspace Gipuzkoan. Prozesu horretan hainbat
ingeniaritza ikasle ari dira parte hartzen.
Garun paralisiak pertsonen psikomotrizitatean eragiten du, alegia, norbanakoen ezagutza, emozio, mugimendu eta garapenaren arteko elkarreraginean. Baita adierazteko eta inguruan dugunarekin harremanak izateko gaitasunean ere. Aspace garun paralisia duten pertsonen atentziora bideratutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Gipuzkoako egoitza-sarean, esfortzu berezia egiten ari dira teknologia berrien bidez erabiltzaileen eguneroko bizimodua errazteko. Aurten lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradua egiten ari diren bi ikasle hartu dituzte praktiketan, Javier Juez eta Javier Lafage, eta hirugarren bat gradu amaierako proiektua egiten ari da bertan, Aitor Vitoria. Beren ezagutzak, beraz, garun paralisia duten pertsonen beharretara egokitutako gailuak garatzera bideratu dituzte gazteek.
Jose Luis Sirera Aspace Gipuzkoako Baliabide eta Egokitzapen arduradunak nabarmendu duenez, ez dute ezer berririk diseinatu, beste erabilera bat izan ohi duten aparailu eta sistemak egokitu baizik. Izan ere, aurrerapen teknologikoen garapen ildoa merkatuak zehazten du egun, ez zailtasunak dituzten pertsonen beharrizanek, hornitzaileak oso urriak eta eskaera oso txikia izanik, ekoizleek errentagarritasunik lortzen ez dutelako. Baina elementu estandar horietatik abiatu eta aldaketa txikiak eginez, kostuen %80 murriztuta, gailu berriak sortzen ari dira Aspace Gipuzkoan. "Azken batean, gurera datozen erabiltzaile askok dute halako gailuen beharra, eta ezin dugu merkatuan duten balioa gure gain hartu", nabarmendu du Sirerak.
Zentroan egunerokoan sortzen diren behar teknologikoez gain, nagusiki hiru proiektu dituzte eskuartean ikasleek. Vitoria buruaren mugimenduarekin elementuak mugitzea ahalbidetzen duen sisteman ari da lanean, gurpildun aulkietara bideratuta bereziki, eta Juez eta Lafage ibiltzeko zinta egokituan eta Ekipo 2.0 Adap-Meeting komunikazio sisteman murgildu dira. Oraingoz, azken hori soilik dago martxan. Erabiltzaileen komunikazio eta parte-hartze sistema egonkorra garatu, hobetu eta zabaltzeko helburua duen proiektu informatikoa da, eta haiekin lan egiten duten profesionalei ez ezik, senitartekoei eta gainerako pertsonei beren sentimenduak eta iritziak adierazteko aukera ematen die. Lau lagunek darabilte oraingoz, eta beste asko itxaron zerrendan daudela azaldu du Sirerak.
Ibiltzeko zinta egokitua, ordea, oinez ibiltzen ikasten ari diren haurrei zuzentzen zaie. Halako aparailuak medikuntzaren alorrean, nagusiki errehabilitazioetan, erabiltzen dituzte, eta 12.000 eurotik gora balio dute merkeenek. Horregatik, Aspacen makina estandar bat erosi dute, eta uneotan abiadura mantsotzeko egokitzen eta haurrak zutik eusteko balioko duen egitura osatzen ari dira. Baina helburu nagusia halako tresnek izan ohi duten konnotazio negatiboarekin amaitzea da, eta horretarako, jolasak, haurraren mugimenduen nondik norakoak, marrazki bizidunak eta beste hainbat elementu ikusteko aukera eskainiko duen pantaila jarriko diote aurreko aldean, ibiltzen ikastea dibertigarria izan dadin. "Udarako prest izan nahi dugu, eta datorren ikasturteko programan barneratu", dio Sirerak.
Aurrera begira
Aspaceko arduradunak eta EHUko ikasleak oso pozik daude elkarlanarekin. "Ikasleen ezagutzak orain arte burutazio hutsa zena errealitate bihurtzeko balio izan digu, ate berri bat zabaldu digute. Lehen urtean horrenbeste proiektu abiatzeko gai izan bagara, auskalo zenbat egingo ditugun aurrerantzean!", dio harro Sirerak. Gainera, zailena egin dute jada: lehen prototipoa sortzea. Hortik aurrerakoak, askoz errazago, azkarrago eta merkeago ekoitziko dituzte. Eta gainera, hobeak izango dira.
Aitor Vitoria: "Proiektua oso interesgarria eta anbizio handikoa iruditu zitzaidan hasieratik"
Aitor Vitoria (Donostia, 1988) buruaren mugimenduen bidez gidatutako gurpildun aulkiaren teknologia lantzen ari da.
Zergatik hautatu zenuen proiektu hau?
Alemaniako enpresa batek gurpildun aulki baten simulagailu bat garatu du, arratoiaren edo teklatuaren bidez aulkiaren mugimenduak kontrolatzeko aukera eskaintzen duena. Aspaceko arduradunak ohartu ziren, teklatua beharrean beste baliabide batzuk aplikatuz gero, eskuak eta hankak mugitzeko gai ez diren pertsonentzako sistema erabilgarria litzatekeela. Lanean hasi nintzenean, erabiltzaile konkretu baten beharretan zentratu nintzen; eskuak eta hankak mugitzeko zailtasunak ditu, baina lepoa primeran mugitzen du. Beraz, aulkiari aginduak helarazteko bidea buruaren mugimendua zela ikusi nuen, eta horretarako bertan sentsore batzuk jartzea nahikoa zela. Bidean, baina, arestian aipatutako aulkia garatu duen enpresak oso protokolo itxi eta irakurtzeko zaila ezarri duela ohartu naiz, inork kopiatu ez dezan. Eta horregatik proiektua etenda dago uneotan.
Nola eta non egiten duzu lan?
Unibertsitateko programa informatikoak baliatu behar ditudanez, bertan aritzen naiz bereziki. Baina tarteka Aspaceko egoitzara joaten naiz, arduradunekin buruz buru lan egiteko. Azken batean, haiek dira erabiltzaileen beharrak identifikatzen dituztenak, eta horren arabera zer egin esaten digute.
Proiektuaz gain, egunerokoan sortzen zaizkien beharrei ere erantzuten diezu, ezta?
Bai, gauza txikiak izaten dira. Esaterako, joystick edo mandoei zubia egin eta botoi bat sartzea, erabiltzaile berri bati guk garatutako teknologia ezartzea, edota haurrei hautsi zaizkien jostailuak muntatzea. Konponbide erraza duten arazoak dira, eta mesede handia egiten diegu.
Zergatik Aspace? Beharrak dituzten pertsonentzat lan egiteak motibatzen zaitu?
Proiektua oso erakargarria eta anbizio handikoa iruditu zitzaidan hasieratik. Eta sortu zaizkigun zailtasunak ikusita, argi dago hala dela. Gainera, aukera polita da garun paralisia duten pertsonekin lan egin eta haien bizimodua errazten laguntzeko.