Taxi hegalariak 2024an?
Joby Aviation konpainia kaliforniarrak ordubetetik gorako hegaldia egitea lortu du hegazkin elektrikoarekin, eta 2024rako eskualde arteko hegaldietarako zerbitzua eskaintzea espero du.
Joby Aviation taxi hegalarien konpainia kaliforniarra izango da ziur asko merkatuan etorkizun oparoena duena. Taxi hegalariek zientzia fikzioko kontua dirudite, baina Joy Aviation edo EHang konpainia txinatarra egiten ari diren probek gero eta gertuago dagoela pentsarazten digu. Kalifornian kokatutako enpresaren arabera, 2024tik aurrera bezeroekin aritzeko moduan izango dira. Orain arte egindako bidaiarik luzeena burutzea lortu dute behintzat, 240 kilometrokoa.
Sei errotoredun taxi hegalariarekin egin dute 240 kilometroko hegaldia, airean bueltak emanez. Hegazkin elektrikoaren hainbat ezaugarri proban jarri nahi izan dituzte, tartean autonomia. Distantzia motza dirudien arren, hegazkin elektriko batek egindako luzeneetakoa da oraingoz.
Proba honetan zirkuluetan egin du hegan ibilgailuak, puntu batetik besterako zuzeneko bidea egin beharrean. Guztira ordubete eta hamazazpi minutu egin ditu airean, urrutiko kontrol bidez.
Bezeroentzako zerbitzua 2024an
2024rako eskualdeen arteko hegaldietako bezeroei zerbitzua eskaintzea espero dute. Karbono dioxido emisiorik gabeko hegaldiak izango lirateke, hegazkin tradizionalenak baino bideragarriagoak, beraz. Joby Aviation konpainiak Toyotaren babes ekonomikoa du; haiek ere badute euren taxi hegalaria. Horretaz gain, konpainia kaliforniarrak Uberren ibilgailu hegalariak bereganatu ditu duela gutxi eta euren aplikazioan taxi hegalarien zerbitzua eskaintzea espero dute.
Zerbitzurako duela gutxi aurkeztutako hegazkina erabiliko dutelakoan daude. Ibilgailuak sei errotore eta bost eserleku ditu, pilotuarena barne. Sei errotoreei esker, hegazkinak bertikalean aireratu eta lur har dezake, helikopteroen antzera. Era berean, helize kulunkariak makurtu egin daitezke airean daudela horizontalean mugitzeko. Taxi hegalariak 320 kilometro orduko abiadura harrapa dezake.