Taulatua nortasunez gainezka

Antzerkigintza pertsonalena, pertsonaia groteskoak, muturreko imajinazioa. Antzerkiola Imaginarioa martxan da berriro. Urriaren 9an Zornotzan estreinatu zuten 'Babiloniako Loreak' lan berria, eta Ander Lipusekin egon gara proiektuaren berri gertutik jakiteko. Hiru urteko geldialdiaren ostean, ikusleari euren istorio bitxiak kontatzeko gogo biziz itzuli dira.


Antzerki ikerketarako laborategi bezala jaio zen Antzerkiola Imaginarioa 1998an, Bilboko Mina Espazioan. Euren hizkuntza propioa osatzeko asmoz oholtzara igo beharreko testua, musika, argiztapena, jantziak eta elementu guzti-guztiak eurak sortzea erabaki zuten. "Betidanik imajinatu genuen antzerkia eraiki nahi genuen; eta hori da orain ere gure helburua", kontatu digu Ander Lipusek, taldearen sortzaileak eta zuzendariak.

8 olivetti poetiko, Ardoaz, Minutu bakarra, Mis rarezas dirías tú, Yuri Sam (otoitza), Au revoir! Triunfadoreak... Euskal antzerkigintzara arnas berria ekarri zuen Antzerkiolak, eta harrera ona izan zuen, bai kritikaren, bai ikusleen aldetik. 2006an, ordea, geldialdia egitea erabaki zuten. Kooperatiba bezala antolaturik zeuden aktoreek, alderdi sortzaileaz gain, enpresa kontuak ere euren bizkar hartu zituzten, eta buruhauste ekonomikoekin erabat erreta bukatu zuten.

Antzerkiolako proiektuak beretzat sakratuak direla dio Lipusek. Beste lanetan ere ehuneko ehunean inplikatzen den arren, bihotzetik gertuago sentitzen dituela hauek. "Erditze sentsazioa izaten dut lanak estreinatzen ditugunean", dio. Ez zuten, beraz, taldea bazterrean uzteko inolako asmorik, baina planteamendua aldatu dute: orain aktore bakoitzak bere aldetik bilatzen du bizibidea, eta Antzerkiola antzerkiaz gozatzeko topaleku gisa ulertzen dute.  

Babiloniako Loreak antzezlanaren ardatza Ines amona eta Hegoa bilobaren arteko harremana da. Ander Lipusek antzezten du lehenengoa, eta Miren Gaztañagak bigarrena. Hegoa abeslaria da ofizioz, musika elektronikoa egiten du, eta amonari eskaini dio kontzertua. Ines ohean hil da, azken hilabeteak bertatik mugitu gabe eman ondoren, eta hilabete horien kontakizuna eskaintzen du lanak, ohearen inguruan bildutako hainbat pertsonaia tartean direla: mediku hipokondriakoa, ardoaren eta ogitartekoen bila joan ohi den apaiza, Inesen terreno batzuk bereganatu nahi dituen politikaria eta Bo lurperatzailea. Alex Gerediaga, Espe Lopez eta Miriam K. Martxante aktoreek jokatzen dituzte rol horiek.

Amonaren rola jokatzeko gogotsu zegoen Lipus. 40 urterekin, horrelako pertsonaia bat egiteko adin polita daukala dio, eta gustura dago emaitzarekin: "Aktore batek bere bizitzan bost edo sei pertsonaia nagusi izaten ditu. Niretzat Yuri Sam izan zen horietako bat, eta Ines ere bide beretik dihoala iruditzen zait. Bestalde, Yuri Sam oso potentea zen, ahots gordinekoa, izaera indartsukoa... eta beste muturrera joateko gogoa neukan, ia ezerez bihurtutako pertsonaia bat egitekoa", kontatu digu.

Lanaren jatorrian Lipusen amonaren irudia legoke. Ines bezala ohean sartu, eta zituen gaixotasun bakarrak nekea eta tristura izan arren, hilabeteak pasatu zituen bertatik altxatu gabe. Madrilen bizi zen garai hartan aktore markinarra, eta heriotzaren ondoren amonaren logelari bisita bat egin zion. "Gelaren soiltasunak hunkitu ninduen. Alkanfor usaina, gurutze bat, Carlos Garaikoetxearen argazki bat, eta armairu bat, ez zeukan besterik. Konturatu nintzen mundu hura desagertzen ari zela, eta ni, logelan mila gauza ditudala, beste mundu berri batean nengoela. Pertsona zahar bat hiltzea liburutegi bat erretzea bezala dela ere otu zitzaidan", azaldu du.

Jon Gerediaga izan ohi da Antzerkiolako testuen arduradun nagusia, baina, beste alor guztietan bezala, talde lanean oinarritzen da testuen sorkuntza ere. Lipusek bere burutazioak azaldu zizkion poeta bilbotarrari, eta gustatu zitzaizkiola erantzun zion hark, baina azken lanetan oso ezkor aritu zirela, eta bazutela garaia esperantzarako kantu bat egiteko. Mila elkarrizketaren eta burutazioren ondotik, izenburuan lore batzuk daramatzan obra izan da emaitza.

Basamortuaren erdian jaiotako loreak. Eta izpiritu baikor horrek antzezlan guztiari eragin dio, belaunaldien arteko komunikazioa, heriotza edo denboraren iragaitea bezalako gaiak jorratu badituzte ere.

Gainerantzean, Antzerkiola etxearen ohiko ezaugarriez gozatzeko aukera eskaintzen du Babiloniako loreak lanak: amets batetik ihes egindakoak diruditen pertsonaiak, azken muturreraino eramandako egoerak, naturalismotik eta errealismotik ihes egiten duen estilizazioa, groteskoaren antzerkia, tragikomedia...  

Gustura dago Zornotzako estreinaldian jaso zuten erantzunarekin. Ikusleek euren lana ezagutzeko irrika bazutela nabaritu zutela dio, eta bukatu ondoren, balorazio oso onak iritsi zitzaizkiola.

Jakin-mina duenak Azpeitian izango du hurrengo emanaldia, azaroaren 13an.