Tantaka, itsasoa
Maiatzaren 8an Senpereko lakuaren inguruan mundu bat biltzea lortu behar dugu, tantaz tanta guztion artean euskara eta Euskal Herria itsaso izan daitezen. Seaskaren urtetako lanak duen merituaz eta garrantziaz behar bezala ohartarazteko, Iparraldeko ikastoletan ikasitako lau lagunekin aritu gara.
Euskararen ofizialtasun ezak dakarren zamari eta Parisetik datorren haize hotzari diru laguntzen murrizketak gehitu zaizkie. Azken urteak latzak izaten ari dira Iparraldeko ikastolen elkartearentzat, Hego Euskal Herritik jasotzen zuten babes ekonomikoa neurri handi batean galdu baitute Eusko Jaurlaritzak euskara kondenatu duelako krisi ekonomikoa ordaintzera.
Haatik, ikasturte bakoitzeko 150-200 ikasle gehiago ditu Seaskak eta, horrenbestez, irakasle beharra ere emendatuz doa. Hain justu zentzu horretan Frantziako Hezkuntza Ministerioak erakutsi duen arduragabekeria salatzeko egin zuten manifestaldia apirilaren 30ean Baionan. Irakasle falta salatu zuen Seaskak, egun hamazazpi soldataren ordainketa elkarteak berak hartu behar baitu bere gain. Datorren ikasturtera begira, gainera, bost irakasle gehiago beharko dituztela aurreikusi dute eta hauen soldatak ere Seaskak ordaindu beharko dituela.
Maiatzaren 8a, baina, bestarako eguna izango da, Kanboko Xalbador kolegioaren eraberritze lanak finantzatzeko dirua biltzeko zita. Bertsolariak, rock kontzertuak, dantza ikuskizunak, jatekoa eta edatekoa Senpereko lakuaren inguruan euskarak arnas har dezan.
Berrogei urtez borrokatu gira jakin gabe sobera zeri buruz ari ginen. Egun frogatua dugu gure borrokak baduela zentzurik, ikastolak baitira gaurko haurrak biharko eragile euskaldunak izanen direla segurta dezaketen bakarrak, zioen aurreko batean Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Hemen, froga: Aktore, abeslari eta kirolari emankor bana. Ikastolei esker euskaldun.
Ximun Fuchs
Ximun Fuchs kasik bidean bizi da azken aldian, Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu antzerki konpainiek sortutako Errautsak antzezlana han eta hemen taularatzen dabil eta. Fokua gainean izaten ohitua da Ezpeletako aktorea, baina Herri Urrats egunean, Senpere argitu dezala! Bera ere hantxe izango da ikastolak sustengatzeko, indarrak biltzeko... eta kristoren besta egiteko.
Atzera begira jarrita, oroitzapen gozoak datozkio ume eta nerabe zenekoaz: Batez ere giro militantea dut gogoan, ikastolan egoitea ekintza politikoa zen orduan, eta nahiko gaizki ikusia. Horregatik, elkartasuna ikaragarrikoa zen. Manifestazioak egiten genituen autobusa hartzeko eskubidearen alde, adibidez. Izan ere, piper gorri min ezagunen herrian ez zuten ikastolarik orduan oraindik ere ez, eta Donapaleun, Kanbon eta Baionan ikasitakoa da Fuchs. Baionan, institutuan, Xiberoko, Nafarroko eta Lapurdiko ikasleak elkartu ginen, baita errefuxiatuen seme-alabak ere... eztabaida sutsuak izaten genituen, eta kontzertu eta besta ugari ere bai.
Diru aldetik larri ibili arren, Seaskaren inguruan beste dena ona zela dio. Orain gero eta ikasle gehiago dago, eta eredu pedagogikoa normalizazioruntz doa, nahiz eta beti onerako ez izan. Alegia, ez luke Iparraldeko ikastolen mugimenduak sorreratik aldarrikatu zuen hezkuntza eredua euskalduna baino zerbait gehiago galtzerik nahi. Edozein kasutan, irasle, ikasle eta guraso ero guztiei eskerrik beroena zor zaiela uste du eta argi du aurrerantzean ere hau dela jarraitu beharreko bidea. Euskaraz mintzatu nahi badugu, ez da beste biderik: ikastola. Eta erronka nagusiaz galdetuz gero, berak argi du: Ofizialtasuna.
Amaia Riouspeyrous
Maiatzaren 8an ez du hutsik egingo Senpereko lakuko hitzorduarekin: Diru laguntzak ttipitu dira aurten, horrek egoera zailagoan ezarri du Seaska, eta horregatik aurten ere denok behar dugu joan Senpererat, ikastolen sustengatzerat!
Haurra zenean, ordea, apenas jabetzen zen zailtasunez. Ikusten nuen aita-amak heltzen zirela garbiketa egiterat, haurren bazkaria prestatzerat, Herri Urratsen lan egiterat kontzertu eta animazioak antolatzen... handitu nintzenean ulertu nuen horiek guztiak egiten zirela dirua biltzeko, ikastolak biziarazteko.
Baina umetan dena da goxo, kostata konturatzen gara arazoekin. Oroitzapen biziki onak ditut. Ikastola ez zen Anhauzen bertan eta beste herriko haur batzuekin eramaten gintuzten gurasoek. Normala denez, kalapitak ere izango zituzten baina gaur egun oraindik lagun onak gordetzen ditu Garaziko ikastolatik, benetakoak. Etorkizunari baikor begiratzen diola aitortu digu ikastolak beti eta gehiago agertzen eta eraikitzen ari direlako, nahiz eta diru-iturriak ez diren beharren neurri berean hazi. Nolanahi ere, mezu baikorra zabaltzea gustatuko litzaioke: Hizkuntza batek egiten du berezi herri bat eta bere nortasuna. Ikastolek lan handia egiten dute hori garatzearren eta, beraz, segi aitzina!.
Aretz Iginiz
Hendaiarra baina Donibane Lohitzunen jaioa; eta Baionako Aviron Bayonnais errugbi taldean jokalari. Aretz Iginizek sei urte daramatza profesional mailan, nahiz eta 2002 urtean hasi zen Avironen eta lehenago ere aritu izan zen Hendaian.
Egun makina bat jende pasioz mugitzen duen taldeko kideak Hendaian bertan izan zuen ama ikastola eta hitz politak bakarrik irteten zaizkio garai hura gogora ekarrita: Gure gelan 11 besterik ez ginen, beti jolasean ibiltzen ginen edo ikastola ondoko basoan txabolak egiten. Gero, denak batera pasatu ginen Kanboko kolegiora. Ordubeteko autobus bidaia arintzeko kartetan aritzen ziren eta zenbaitetan etxekolanak egiteko ere aprobetxatzen zuten denbora... Oraindik ere harreman ona daukat lagun guztiekin.
Lizeo garaian 100 ikasle ginela gogoratzen dut, orain badakit gehiago direla, eta horrek ikaragarri pozten du. Iparraldeko ikastolen aldeko festan guzti-guztien ekarpena, txikiena ere, ongi etorria izango dela sinetsita dago Iginiz, eta premiazkoena dirua dela, dirurik gabe ezin baita ikasgelarik eta irakaslerik ordaindu.
Euskarari leku polit bat egiteko beti zailtasunetan... honen alde lanean dabiltzan guztiek nire errespetu osoa merezi dute.