Talde hasiberrientzako Rockein lehiaketan izena emateko epea zabalik da

EAEko eta Nafarroako musika talde hasiberrientzat Rockein lehiaketaren 10. edizioa martxan da.

Rockein lehiaketa Basauriko udalak antolatzen du Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udaletxeekin elkarlanean. Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen du. Izena emateko epea jada irekita dago uztailaren 12ra arte. 

Jasotako proposamen guztiak sektorean aritzen diren epaimahai profesionalak aztertuko ditu eta horietatik sei hautatuko dituzte, azaroaren 19an, Basauriko Social Antzokian jotzeko. Gau horretan bertan erabakiko da, eta ezagutzera emango da, zein den 2022ko irabazlea. Sarien artean bost abestiko EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa daude, baita bideoklip baten ekoizpena ere eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera. 

Hauek dira lehiaketan parte hartzeko talde eta bakarlariek bete behar dituzten baldintzak:
EAEn edo Nafarroan jaiotako, gutxienez, taldekide bat.
Bertako Talde onenaren saria eskuratu ahal izateko gutxienez taldeko kide batek Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatua egon beharko du. 
Eskarabillera saria eskuratu ahal izateko taldekideen erdiak, gutxienez, emakumezkoak izan beharko dute. 
16 urtetik gorakoak izan behar dute taldekide eta bakarlari guztiak.
Izena ematerako garaian ezingo da disko bat kaleratua izan.
Abesti originalak izan beharra dute. 
Estilo musikal guztiak onartzen dira. 

Aurretik izena emandako guztiek aukera dute, berriz ere, edizio honetan izena emateko, beti ere baldintzak betetzen badituzte. Irabazleek, ordea, ezingo dute irabazitako kategoria berdinean parte hartu.

Hauek dira jokoan dauden sariak:
Talde irabazlearentzat:
EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa Bilboko El Tigre estudioan.
CD formatuan EParen 500 kopia kaleratzea.
Bideoklip profesional baten grabazioa eta ekoizpena.
MAZ Basauri jaialdian kontzertua.

Bertako talde onenarentzat:
MAZ Basauri jaialdian kontzertua.

Euskarazko talde onenarentzat:
Abesti baten grabazioa eta ekoizpena.
MAZ Basauri jaialdian kontzertua.

Eskarabillera saria:
MAZ Basauri jaialdian kontzertua.
 

Basauriko Udalaren web gunean (www.basauri.eus) dago lehiaketaren oinarriei buruzko informazio guztia. Rockeineko Facebook (facebook.com/rockein) eta Twitter (@rockeinrock) kanalak ere jarraitu daitezke.