Takeshis’ ***

Takeshi Kitano japoniarraren zinemaren sintesia da filma. Bertan, Kitano bera bitan banatzen da. Alde batetik, Beat Takeshi ageri zaigu. Aktore eta zinemagile ospetsua da morroia. Arrakastak itsutu du, eta zinikoa bezain bortitza da. Bestetik, Kitano dugu. Porrota besterik ezagutu ez duen aktore gizarajoa. Egun batean, bi pertsonaia horien patuak gurutzatuko dira. Une horretatik aurrera, yakuza ilunez betetako mundu oniriko batean murgilduko da Takeshi galtzailea. Hantxe, Beat Takeshi garailearen errealitatea eta zinema-fikzioa bere egingo ditu. Felliniren Otto e mezzo maisulanaren espiritua ardatz, bere zinemaz gogoeta egiten du Takeshi Kitanok –parodia autokritika gisa erabiliz– film bitxi eta irudimentsu honetan.