Tadanori Yamaguchiren 'Denboraren aztarna' erakusketa jarri dute Mañarian

Artista japoniarraren lau piezak osatzen dute erakusketa.

"Arteaz eta naturaz gozatzeko eta bisitarin begirada zabaltzeko" aukera ematen duten Tadanori Yamaguchi artista japoniarraren lau instalazio erraldoi kokatu dituzte Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan.  Lau piezek "denboraren joan-etorriaren lekuko" izan nahi dutela nabarmendu dute, "ingurunearekin hitz egin eta naturaren dinamismoa eta denboraren joana bilatu".

Tadanori Yamaguchi (Nagoya, 1970) japoniarraren arte publikoko proiektuek "adierazpen-sintesi sakona eta sentsibilitate estetiko bikaina" dutela azpimarratu dute. Aluminiozko estanpazio bat egin du artistak harriaren gainazalean eta, horren bidez, harriaren morfologia eskulturara transferitu, mendiak jasan duen ustiapen eta eraldaketa prozesuari buruzko informazioa jasotze aldera.

Eskulturak egitura poliedriko irregularrak dira, hiru, lau edo bost alde dituztenak. Irudi horiek hainbat forma hartzen dituzte, sortu diren lekura egokitzeko. 

Arte garaikidea lantzeko espazioa 2021ean zabaldu zuten Mañarian. 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko harrobia da. Victor Arrizabala artista da proiektuaren buru, kulturgune bat antolatzea erabaki eta elkarte bat sortu dute: Angurreta Harrobia Kultur Elkartea.Victor Arrizabalagaren lan batzuk ere ikusgai daude bertan, naturgunea errespetatuz. Harrobiko elementu mardulenak ere arte espazioaren parte dira, eskualdeko historiaren erakusle gisa.

Bisitak eta kultur ekitaldiak

Asteartetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da gunea, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara. Bisitak irailarera arte (abuztuak itxita) izango dira, doan, baina lagunduta. Bisita gidatuak enkarguz egingo dira bakarrik, pertsonako bost euroko prezioan. Urritik aurrera enkarguzko bisitak bakarrik egingo dira, angurreta@gmail.com helbidera idatzita.

Ekainaren 4an Gehi Zazpi biolontxeko taldearen emanaldia izango da, eta uztailaren 8an Koldobika Jauregiren performanceaz gozatu ahal izango da.