Sustraiak, rock, rap, reggae
80ko hamarkadan, Kortatu eta Potatok arrakasta handia lortu zuten Jamaikako taldeen kantuen bertsioak eginez. Hala ere, Euskal Herria-Jamaika konexioaz gain, bestelako konexio asko arakatu ditu euskal musikak. Betiko esamoldea pittin bat aldatuta: nolako estiloa, halako bertsioa egin izan dugu.
Argi dago, Jamaikako herri kulturak, eta bereziki, hango musikak, eragin handia izan dutela Euskal Herriko herri mugimenduetan. Irakurle gazteenek ez dute gogoratuko, baina 80ko hamarkadan, nonahi irakur zitezkeen "Gora Euskadi Tropikala" eta antzeko leloak. Gaztetxeetako hormak eta tabernetako komunetako ateak, toki ezin aproposagoak bilakatu ziren, eguraldi eguzkitsua eta erritmo tropikalak aldarrikatzeko.
Era berean, 80ko hamarkadako euskal rock taldeek, behin baino gehiagotan jo zuten reggae eta ska doinuetara. Izan ere, sasoi hartan Euskal Herrian puri-purian zegoen punk musika, eta Ingalaterratik zetozen punk u-hin asko, erritmo jamaikarrekin kutsatuta iristen ziren.
The Clash taldea izan zen Punk-Jamaika konexioaren adibiderik onena. Esate baterako, Kortatuk, Potatok eta Korroskadak (taldeen zerrenda asko luza daiteke), etengabe edan zuten Jamaikako tradiziotik. Konexio horrek gaur arte iraun du: 90eko hamarkadako Negu Gorriak, BDF reggae talde euskaldun handia, edota Fermin Muguruzaren disko berria ("Euskal Herria Jamaika Clash"), erritmo tropikalen itzalean egin dira.
Sarri, Sarri eta Chatty, Chatty
Jamaikako doinuekiko sinbiosi horren adibide asko dago. Erritmo beltzetan maisu den Aritz Sound Systemek bidali digun zerrendaren arabera, dozenatik gora bertsio jamaikar egin ditugu gurean. Dozena pasatxo horretan, Aritzek ez ditu kontuan hartu diskoetako kredituetan propio aipatu ez direnak. Izan ere, ez da gauza bera plagioa eta bertsioa. Ala, agian bai? Batek daki.
Aipa ditzagun adibide batzuk. Kortatu taldearen "Sarri Sarri" ezaguna, Joseba Sarrionaindia idazleak Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenekoa, Toots & The Maytals talde jamaikarraren "Chatty Chatty" kantuaren bertsioa da. Askok kontrakoa pentsatu arren, doinua ez da muguruzatarrek asmatua. Bestalde, 80ko hamarkadako taldeekin jarraituz, Potatoren "Kiki" The Soulmates taldearen "Dem a laugh and a kiki" abestiaren egokitzapena da.
Gaur egungo taldeeen artean, Euskal Herria-Jamaika konexioak bizirik dirau: 12 Tribuk Burning Spear klasikoen "We are going" egokitu du; Ambassah reggae eta dub musikariak bere egin du Barry Brownen "Step it Up"; Basque Dub Foundation (BDF) taldea birritan murgildu da Lloyd Parks-en erritmo beroetan, "Slaving" eta "Ordinary Man" kantuekin. Akats reggae talde bizkaitarrak ere bere egin du Heptones taldearen "Party Time" rocksteady kantua.
Mirespena, ororen gainetik
Batzuetan, egokitzapenak kalitate onekoak izaten dira. Aldiz, beste batzuetan, egindako bertsio horietan ez da igartzen ahal kantu originalen xarmaren zantzurik. Izan ere, bertsioak mirespenaren ondorio izaten dira, eta mirespena eta kalitatea ez dira beti ondo konpontzen. Bertsioak, talde gazte eta ausartek sortutako kantu sasikumeak izaten dira, eta gazte izateak badu bere xarma, ezta?
Utz dezagun argi, ondoren aitatuko ditugun bertsioak ez direla Euskal Herrian izandako guztiak. Izan ere, ezinezkoa da egindako bertsio guztiak zerrenda batean biltzea. Talde ospetsuenetik hasi, eta zure etxe azpiko lokal-zulo horretan aritzen den talde baldar horretara heldu arte, hemen amaren-seme guztiek egin dituzte bertsioak.
Erreportaje honetatik kanpora utzi ditugu, euskal taldeek bertsioneatu dituzten Euskal Herriko kantu eta taldeak, besteak beste, Betagarrik "80/00" diskoan grabatu zituenak, edota Mikel Laboaren omenez egindako "Txerokee" bertsio bilduma (Elkar, 1990).
Rock Erradikalaren garaia
Esaterako, MCD punk bilbotarrek ederki asko erakutsi zuten 60ko hamarkadako pop doinuak ezagutzen zituztela, The Monkees-en "Stepping Stone" egokitzerakoan (MCDk "No hay libertad de expresion" izenez bataiatu zuen kantua). Hala ere, baliteke MCDk Sex Pistols taldearen bitartez ezagutu izana The Monkees taldearen kantu hori, Johnny Rottenek gidatutako taldeak ere bertsio bera egin baitzuen.
Euskal Rock Erradikalak ere edan zuen bertsioen iturritik. Kortatuk The Clash-en "Jimmy Jazz" grabatu zuen, eta Roberto Moso, Zaramako abeslaria, David Bowie musikariaren azalean sartu zen "Txakurume" kantatzerakoan ("Queenbitch" izena du jatorrizko kantuak). Hertzainak taldeak ere Specials taldea bertsionatu zuen "Dena okerrago" kantuan.
Distorsion bizkaitarrek ere Ramones taldearen "Blitzkrieg Bop" bortxatu zuten "Niño pijo" kantuarekin; RIP-ek berea egin zuen Angelic Upstartsen "Solidarity" himnoa, eta La Polla Records-ek The Boys punk ingelesen "Firs Time" bertsioneatu zuen "El Avestruz" kantuan.
Berbena taldeen cover-ak
Ingelesez, "cover" hitzak bertsioa esan nahi du; baina, gurean ere, izan zen The Covers izeneko talde bat. The Covers gipuzkoarrak ziren, eta 1989an grabatu zuten euren disko bakarra. Disko hartan, rock and roll eta garage rock estiloko kantu zahar mitikoak bildu zituzten, tartean, Nancy Sinatraren "These boots are made for walking", eta The Chantays surf taldearen "Pipeline" instrumental ezaguna.
Punk dinosauroak atzean utzita, berbena edo erromerietako fenomenoari erreparatzea komeni da. Euskal Herriko txoko guztietako plazetatik igaro diren taldeek pop-rock klasikoak eta garaian-garaiko kantu arrakastatsuak jotzen ibili dira beti. Sarritan, gainera, batek baino gehiagok lotsagabe euskaratu ditu jatorriz ingelesez edota gazteleraz idatzitako kantuak.
Berbenetako taldeen esparruan, aparteko aipamena merezi du Akelarre taldeak. Akelarrekoak bai zirela Tyranosaurus Rex espezieko dinoak! Milaka emanaldi eskaini zituzten 33 urteko ibilbidean (1972-2005), eta haien errepertorioan, erabat normala zen bertsioak entzutea.
Negu Gorriak, bertsioen garaipena
Negu Gorriak taldea 90eko hamarkadako bertsio-egile nabarmenena izan zen, baina horrez gain, aitzindariak izan ziren hip-hop eta rap estiloko egokitzapenak egiten. 1996an argitaratu zuten "Salam Agur", bertsioekin osaturiko disko ezaguna. Disko horretako 15 kantu-bertsioak izugarri onak dira. Batek baino gehiagok disko hori etxean izango du, eta hobe luke, kantu horien jatorrizko bertsioak interneten bilatuko balitu! (diskoak erostea ere ez legoke txarto).
"Salam agur" diskoan denetik dago; reggaea, hip-hopa, hardcorea, rock and rolla, soula, euskal rocka... Eta guztiak, labeldunak: Poison Idea hardcore taldearen "Getting the Fear"; Otis Redding soul artistaren "Respect"; The Who klasikoen "I can't explain"; Redskins kaskamotzen "Unionize"; NWA eta Public Enemy hip hop taldeen "Express yourself" eta "She watch channel zero"... Disko horretan topa daiteke Linton Kwesi Johnson-en "Reggae for peach" ere. Jamaikako doinuak bueltan lagunok...
Zuek luzatu zerrenda
Nahi beste luza daiteke bertsioen zerrenda hau. La Perrera donostiarrek ere punk bertsio izugarriak grabatu zituzten 1991n kaleratutako "The Right Side of Our Minds" diskoan. Buenabistako taldeari esker, euskal punkzale askok Angry Samoans, Dictators, Dead Boys edota La Banda Trapera del Río bezalako punk munstroen erasoak ezagutu zituzten.
Amaierara iritsi gara. Gaur egun ere hainbat bertsio entzun ditzakegu han eta hemen. Orain zuen txanda heldu da, adiskideok. Zuek luzatu zerrenda.