Suspentsea eta misterioa maite dutenek galdu ezin duten miniseriea

Bahitu eta misterioz betetako instituzio batera eramango dituzten nerabeak dira telesailaren protagonistak.

Mae Martinek sortutako Wayward telesail laburrak arrakasta handia lortu du Netflixen, eta herrialde askotan lehen postuan dago ikusienen zerrendan. Zortzi atal ditu eta misterioa, arriskuan dauden nerabeak eta beldurra ematen duten elementuak uztartzen ditu.

Hainbat nerabe bahituko dituzte eta Tall Pines izeneko herri txiki batera eramango dituzte. Han, Evelyn izeneko emakume misteriotsu bat ezagutuko dute. Haien asmoa gaztetxoak pertsona hobeak bihurtzea omen da, instituzio horretan graduatu eta gizarteko kide produktiboak, esanekoak eta zoriontsuak izate aldera. Laster ohartuko dira, ordea, ez dela hori benetako asmoa, eta herriarekin zerikusia duten arrazoi ilunak daudela tartean. Aldi berean, poliziak instituzioa ikertuko du, arazoak dituzten nerabeentzako instituzio soila izateaz gain, beste zerbait ere badela susmatzen dutelako.

Mae Martin sortzaileak Alex Dempsey-ren rola jokatu du, haurdun dagoen emaztearekin (Sarah Gadon) bertara bizitzera joan den poliziarena. Evelyn zuzendariaren rola, berriz, Toni Collette antzezle apartak egin du. 

Martinek azaldu duenez, aspalditik kontatu nahi zuen istorio hau. Izan ere,  institutu garaiko lagun-mina halako eskola batera bidali omen zuten. Gauez eraman omen zuten laguna, eskumuturrak eskuburdinekin lotuta, eta bere onetik aterata. Han egon zen bi urtez, harik eta basotik oinutsik ihes egitea lortu zuen arte. Ondoren han bizitako "istorio zoroak" kontatu omen zizkion lagunak, tartean "antzerki itxurako terapia agresiboak". 

Eskola hura itxi egin zuten gero, arduragabekeria eta abusuagatik, eta Martinek jakin zuen ezkutuan eta era irregularrean funtzionatzen zuten eskola gehiago ere bazirela. Eskola hauetako asko 70eko hamarkadan sortu ziren sektak ziren. 

Troubled Teen Industry  ("Arazodun nerabeen industria") izeneko instituzio pribatuen sistema horren inguruan gehiago jakin nahi duenak The Program: Cons, Cults and Kidnapping dokumentala ikus dezake.