Surfin Kaos: Rocka eta baita rolla ere

Surfin Kaosen ezaugarriak gitarra erritmo biziak, riff indartsuak eta lelo itsaskorrak dira. Hard rockaren hurbileko rock and roll izerditsua egiten dute. Oraingoan, gordinago datoz Tryphyllon lanarekin. 


0Gaztelupeko Hotsakek argitaraturiko Tryphyllon (hirusta, grezieraz) lana entzun ondoren, hirustaren hiru orriak sasoian daudela nabari da. Rock hotsak kantan AC/DCren boggie eraginak antzeman daitezke, esaterako; Hil nazazu, mesedez hard rock riff boteretsuekin josita dago, eta Zerritu nahi dut abestiak 60ko hamarkadako garage-rockaren kutsua du.

Rock and roll lan koloretsua da, mota askotako kantak daude eta. Hala ere, diskoko 13 abestiei iluntasun mantu batek ematen die batasuna, eta ilunpe hori hitzetan ere sumatzen da. Aurreko lanetan baino lizunkeria gutxiagorekin hezetu dituzte kantak. “Gu ere beste momentu batean gaude. Aldaketa nabaritu dugu, baina oso naturala izan da; aurreko diskoak bere momentua izan zuen, eta gu oso harro gaude orduko lanaz eta Bizzionbizzi-ren irudiaz. Guk ere disko hau serioagoa eta gogorragoa dela pentsatzen dugu”, dio taldeak.

Tryphyllon Donostiako hirukoteak berak ekoitzi du. Zubietako baserri batean sartu dira, Urko Aranbururekin, eta taldekideak arduratu dira diskoaren nahasketaz.  

Grabazioan, hainbat musikarik lagundu dute: Inoren Ero Ni bandako Okenek, Fermin Muguruzak, Nubateko Kandak edo Kuraiako Fernandok. “Fernandorekin harreman handia dugu, eta disko guztietan idazten du hitzen bat. Okenerekin berdin gertatu da. Ferminen kasuan, berak kantatzen duen zatia kantatzen ari nintzela bera etorri zitzaidan burura, bere estiloko melodia baita oso. Guretzat luxuzko kolaborazioak dira”, azaldu dute. Rocka, eta baita roll asko ere.