Surfaren inguruko bideopodcasta estreinatu du Gazteak

Ander Lopez Lerenak eta Olaia Elorriaga Urrutiak gidatuko dute, eta saio bakoitzeko gonbidatu bat izango dute.

Surfari buruzko Lay Day bideopodcasta estreinatu du Gazteak aste honetan, Ander Lopez Lerena eta Olaia Elorriaga Urrutia surflariek aurkeztuta. Edonork ikus dezakeen arren, "surflariek surflarientzat" egindako saioa dela azaldu dute,  "surfaren saltsan" dagoen publikoari bideratutakoa, gai teknikoez arituko direlako. 

Atal bakoitzeko gonbidatu bat izango dute, eta bi astean behin izango da ikusgai Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean. Gainera, EITB Podkasten entzuteko aukera izango da. 

Lehen atala astelehenean argitaratu zuten, eta bertan Bittor Garitaonandia Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari den surflari debarra da protagonista. Bi aste barru, Leticia Canales bizkaitar surflari profesionalarekin solastuko direla iragarri dute.