'Superra' estreinatu aurretik ikusi beharreko Anjel Alkainen hiru lan

Zain egon beharko dugu 'Superra' umorezko telesaila ikusteko, baina bien bitartean Alkainen beste lan batzuez goza dezakezu.

Duela gutxi Azpeitian grabatzen aritu dira ETBk estreinatuko duen Superra umorezko telesaila. Herri euskaldun bateko familia-negozio txiki baten eguneroko gorabeherak kontatuko ditu zortzi ataletan. Karmelo eta Luixito anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo ilobarekin batera. Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia izango dira hiru rol horiek jokatuko dituzten aktoreak. Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Onintza Enbeita eta Ainere Tolosak ere parte hartuko dute.

Aurten estreinatuko dela jakinarazi duten arren, oraindik itxaron egin beharko dugu telesail hori ikusteko, ez baitugu estreinaldi datarik, baina Anjel Alkainez eta umoreaz gozatzeko premian bazaude, aurrez egindako lan hauek ikus ditzakezu: 

1. 'Wazemank'

ETB1eko umorezko saio ezaguna 2005ean hasi zen eta hiru denboraldi izan zituen. Hainbat pertsonaia eta esketx sortu zituzten bertan: Arregitarrak, Gure Atsuak, Auto Patxi... Euskal Telebistan aski ezagunak diren saioak eta aurkezleak ere imitatu zituzten, hala nola Xabier Euzkitze eta Joxean Tolosa eta Goenkaleko Maria Luisa. Ondoren, Noaoa sortu zuten, eta berriz Wazemank 2.0 eta Wazemank 3.0-rekin itzuli ziren 2009an eta 2010ean. 


2. 'Kutxidazu bidea, Ixabel'

Joxean Sagastizabalek idatzitako liburua antzerkira egokitu zuen Gorringo Antzerki Taldeak 2003an, eta Anjel Alkainek hainbat pertsonaia antzeztu zituen: baserriko aita, taxista eta Koldobika euskara ikaslea. Gerora, 2006an, filma egin zuten, eta Desastreko Afroren rola jokatu zuen Alkainek. Umore gosez eta barre egiteko gogoz izanez gero, euskara ikastera baserrira joaten den eta mila pasadizo dibertigarri bizi dituen Juan Martin gazte donostiarraren istorioan murgiltzea gomendatuko dizugu. 

3. 'Brinkola'

Asier Altuna eta Telmo Esnalek zuzendutako hamahiru ataleko telesaila da Brinkola. Nekazal giroan kokatuta dago, eta pertsonaia bereziak eta xelebreak agertzen dira. Mundutik bereizita bizi dira Brinkolan, garai bateko bizimodua eta itxura dute bertakoek eta ez dute ia harremanik kanpoko inorekin. Garai batean trena heltzen zen bertara, baina orain itxita dagoenez, jende gutxiago iristen da herrira. Anjel Alkainez gain, aurpegi ezagunak ikusiko dituzu aktore laneta: Jon Iraola, Mikel Pagadizabal, Iñake Irastorza, Ainere Tolosa, Egoitz Lasa, Mikel Laskurain...