SUPERMERKATUKO TIKETAK ERABILGARRI BIHURTZEKO PROPOSAMENA
Ziur astean zehar behin baino gehiagotan joaten zarela supermerkatura eta bertan erositako guztia gehituko bazenu ziur diru kopuru ederra azaltzen dela, baina galdetuko banizu zer produktutan xahutzen duzun diru gehien gai izango al zinateke erantzuteko?
Ziurrenik ez. Netflix-eko datuak bistaratzeko ingeniaria den Susie Lu-k irtenbide bat aurkitu du erosketa modu kontzienteagoan egiteko. Nola? Erosketak egin ondoren ematen dizkizuten tiketak berdiseinatzen.
Gaur egunean, tiketak ia begiratu gabe zaborretan bukatzen duten paper hutsalak dira. Susiren proposamenarekin tiketak gure erosketak azaltzeko eta kudeatzen laguntzeko tresna bihurtuko lirateke, horrela gure dirua modu kontzienteago batean xahuru ahal izateko. Gure egunerokotasunean datuak bistaratzeak nola lagun diezaakegun pentsatzen zebilela otu zitzaion ideia. Orduan ohartu zen tiketak ia egunero erabiltzen ditugun elementuak direla, baina ez diegula inongo arretarik jartzen.
Susie-k proposatutako tiketetan hiru motatako elementuak azaltzen dira. Goiko aldean zirkulu formako grafikoak azaltzen dira eta horietan, kategoriatan banatuta gehien erosi ditugun produktuak azaltzen dira. Gastua zenbat eta handiagoa izan, produktu horren zirkulua handiagoa izango da. Tiketeko bigarren elementuan erositako produktu guztiak kategoriatan desglosatuak azaltzen dira. Azken elementuan, item bakoitzak alboan barra bat daramaga erakusteko zenbaterainoko garestia den produktu hori kategoria horretan xahututako beste produktuekin alderatuz.
Modu honetan, begirada batez eta modu grafiko batean ikus dezakegu zenbat gastatu dugun bai kategorietan eta baita produktu jakinetan ere. Ekimen interesgarri hau aurrera eramateko ingeniariak inprimatzaile termika bat erosi zuen (supermerkatuetan erabiltzen dituztenen modukoak) etxean probak egiteko eta aipatutako elementuak tiketean modu egokienean azaltzen asmatzeko. Argi dagoena da emaitza zinez dela interesgarria eta ongi legokeela supermerkatuek proposamen hau martxan jartzea. Horrela, tiketa erabilgarria den tresna batean bilakatuko litzateke eta gure erosketa esperientzia hobetuko luke.