Subegi Eguna, larunbat honetan Ibarran
Zea Mays, Hesian, Willis Drummond eta La Jodedera izango dira larunbat honetan maiatzak 12 Ibarrako Emeterio Arreseko frontoian, Subegi Egunaren harira antolatutako kontzertuetan. 20:30etatik aurrera hasiko da jaialdia, eta goizaldera arte luzatuko, DJ Bullek eta DJ Elepuntok jarritako musikaz lagundurik.
Ibarran (Gipuzkoa) ez dute Garagardo Festarik izango aurtengoan, baina horren partez, Subegi Eguna antolatu dute. Jaia eguerdian hasiko da, 12:00etan dultzaineroak aterako baitira, eta herrian barrena biliko dira 14:30etako bertso bazkarira bitarte. Otordu herrikoia izango da frontoian, eta Alaia Martin eta Xabier Silveira arituko dira bertsotan.
Arratsaldean haurrak izango dira protagonista, haientzako hainbat jarduera prestatu baitituzte, eta iluntzeko 20:30etan musika doinuek hartuko dute herria. Sarrerak salgai daude dagoeneko Ibarrako, Tolosako, Alegiako, Villabonako eta Anoetako hainbat tabernetan, eta hamar euro balio dute; bertan erosiz gero, ostera, hamabi.
Taldeak
Zea Mays
Bizkaitarrek pixkanaka ekin zioten musikaren bideari duela hamabost urte, baina azken 2010az geroztik, eta bereziki Negua joan da ta kantaren arrakasta itzelari esker, euskal musikari ezagunenetakoak bilakatu dira. Batetik bestera dabiltza geratu gabe Zea Maysekoak, Era azken laneko kantuak entzunaraziz.
Hesian
2006an hasi zuen ibilbidea Hesian zortzikoteak, Exarrin duten lokalean, nahiz eta orduan hiru baino ez ziren. Pixkanaka taldekideak batuz joan ziren, eta 2007an grabatu zuten estudioko lehen lana, "Maite dugu". 2010erako egungo taldea eta hiru disko zituzte, eta hortik aurrerakoa denok ezagutzen dugu: nafarrak Euskal Herriko jaietako ezinbesteko osagai dira.
Willis Drummond
Bost urtean hiru disko kaleratu dituzte, eta jarraitzaileen kopuruak ere proportzionalki egin du gora azken urteetan. Instanteak azken lanak 2011an ikusi zuen argia, eta geroztik ez dira gelditu Willis Drummondekoak. Euskal talderik esanguratsuenen zerrendan sartu dira dudarik gabe, beren doinu indartsuekin.
La Jodedera
Bi euskaldun eta bi kubatar batzea baino hoberik ez dago doinu fresko eta naturalak lortzeko. Eta halaxe egin dute La Jodedera taldean. Duela urte eta erdi sortutako taldea da, eta herrialde bietako erritmoak uztartuz, dantzan jartzen dituzte ikus-entzuleak. Kalean dute dagoeneko Eskuz ezku beren lehen lana.