Su Ta Garrek 30 urte!
Taldeak bira bat egingo du urteurrena ospatzeko; adi datei!
Hogeita hamar urte igaro dira Su Ta Gar taldeak lehen kontzertua eman zuenetik. Azkar esaten da! 1988an izan zen, Ondarroako Gaztetxean. Hogeita hamar urte beranduago, urtemuga ospatzeko bira bat egingo du talde eibartarrak. Dagoeneko itzulia hasi du Madrilen, urriaren 20an, eta hurrengo zortzi emanaldiak Atarrabian (azaroaren 9an), Bartzelonan (azaroaren 15ean, EH Sona jaialdiaren barruan), Durangon (azaroaren 24an), Donostian (abenduaren 1ean), Berlinen (abenduaren 8an), Miarritzen (abenduaren 15ean), Gasteizen (abenduaren 22an) eta Bilbon (abenduaren 28an) izango dira.
Hiru hamarkada hauetan 1.000tik gora kontzertu eskaini ditu Euskal Herriko metal talde mitiko honek. Bira aurkezteko prentsaurrekoan, taldeak bere hastapenak ekarri ditu gogora: “Gure sorrera gogoratu, berriz bizi eta ahal den heinean garai hura bizi ez zutenengan transmisio lana egitea nahiko genuke, poztasunetik eta 30 urte eta gero errepidean jarraitzeak ematen duen zoriontasunetik beti ere”.