'Strava': kirolariek ligatzeko aplikazioa?
Entrenamenduen jarraipena egiteko aplikazioa bada ere, antzeko interesak dituzten pertsonak ezagutzeko modua ere bada.
Kirolari askok erabiltzen dute 2009an sortutako Strava aplikazioa. GPSaren bidez, kirol jarduerak erregistratu ahal izateko sortu zen. Hori dela eta, korrika, bizikletan, oinez, igeri edo mendian ibiltzen diren askok erabiltzen dute.
Errendimentua neurtzen du: erritmoa, bihotz taupaden maiztasuna, erretako kaloriak eta bestelako datuak. Entrenamendu batetik besterako aldeak ikus ditzake erabiltzaileak, eta norbere bilakaera aztertu.
Gainerako erabiltzaileek ere "kudos" edo lorpenengatik atsegiteak edo zorionak emateko aukera dute, eta beste erabiltzaileei babesa emateko iruzkinak egin ditzakete. Orain mezu zuzenak ere bidal daitezke, eta, hortaz, elkarrizketak izan ditzakete, aholkuak partekatu eta baita elkarrekin entrenatzeko hitzordua lotu ere.
Antzeko interesak eta balioak dituen norbait ezagutzeko bidea izan liteke aplikazioa. Erabiltzaile asko erosoago sentitzen dira bertan gauzak partekatzen, haien edukiak ikusten dituen pertsona kopurua mugatuagoa delako eta haien bizimodua ulertzen duten pertsonak izaten direlako.