Starbucks-ek bere produktuetan esnea erabiltzeari utziko dio

Starbucks kafetegi batetik ateratzen den produktua ontzi birziklatu edo konpostagarrietan aterako da, eta gainera esne begetala estandarra izango da bere edari guztietan.

Starbucks-ek bere alea jarri nahi du klima-aldaketaren aurkako borrokan bere dendetako zaborra gutxituz. Horren harira, esnekia duten produktuak bere kafetegietatik ezabatzera konprometitu da.

Enpresak jasangarritasunean espezialista den Quantis aholkularitzaren zerbitzuak kontratatu zituen. Aholkularitzak argitaratutako txostenak erakutsi zuen enpresak sortzen duen karbono lorratzaren %21a esnekia duten produktuek sortuak direla. Starbucks-en erabiltzen den behi esneak 15.6 milioi tona negutegi efektuko gas igorri zituen 2018. urtean.

Hori dela eta, enpresako CEOa den Kevin Johnson-ek adierazi du esne begetalak izango direla arazoaren irtenbide nagusietako bat. Gainera, egun Starbucks-eko Estatu Batuetako bezeroen %15-20ak alternatiba beganoak aukeratzen ditu behi esnearen aurretik. Orain, helburua esnea aukeratzen duten beste bezero horiek ere alternatiba begetalak aukeratzeko konbentzitzea da.

Alabaina, egia da esneki produktuak merkeagoak direla esne begetalak baino; Starbucks-ek uste du ordea, hori aldatuko dela. Katearen aburuz, berak egingo dituen erosketa erraldoiek esneki begetalen prezioa murrizten lagunduko du.