'Spoiler maitea' zita azkarren saioan parte hartzeko castinga zabaldu dute

18 eta 35 urte arteko parte-hartzaileen bila ari dira, eta saioak irailean eta urrian grabatuko dituzte.

"Bikote bila zabiltza? Abentura berriak bizi nahi dituzu?". Hala bada, eta 18 eta 35 urte artean izanez gero, Primeran plataforman ikusi ahal izango den Spoiler maitea saio berrian parte hartzeko aukera izan dezakezu, castinga egiteko deialdia zabaldu baitute. Saioaren arduradunek azaldu dutenez, "jende berria ezagutu, agian maitasuna aurkitu eta, batez ere, esperientzia dibertigarri eta ahaztezin bat bizitzeko gogoa duen edonori" zuzenduta dago deialdia.

Spoiler Maitea ziten saioa edo dating show "berritzailea" izango da. Ordu erdiko zortzi atal izango ditu saioak, eta atal bakoitzean hamar bat parte-hartzaile izango dira. Zita bizkorrak izango dituzte haien artean, "speed dating" izenez ezagutzen dena alegia.
 
Ezustekoak izango dira ordea. Une jakin batean, parte hartzaileetako bati parean duenari buruzko spoiler bat jakinaraziko zaio, ezagutu berritan inor ere esatera ausartuko ez litzatekeen sekretu horietako bat. Hori jakinda, spoilerra ikusi duen parte-hartzaileak bestea kanporatzeko aukera izango du, eta, hala eginez gero, beste parte-hartzaile bat eseriko da bidali duenaren lekuan. Bost minutuz elkarrizketa jarraitu eta inor kanporatu gabe irautea lortzen duten bikoteek programatik kanpoko zita bat irabaziko dute, saioaren kontura.
 
 
Harremanak "modu freskoan, lotsagabean eta gaurkotuan sortzea" da saioaren asmoa. "Estereotipoekin hautsi eta harremanak, konexioa eta maitasuna ulertzeko gaur egun dauden askotariko moduak" ikusi eta erakutsi nahi dituzte.
 
Orain parte-hartzaileak zein izango diren erabakitzea baino ez da falta eta, horretarako, martxan dute 18 eta 35 urte artekoei zuzendutako castinga. Interesa dutenek @spoilermaitea Instagram kontura mezu zuzena bidal dezakete, edo  602 58 24 35 telefono zenbakira deitu. 
 
Saioak irailaren amaieran eta urriaren hasieran grabatuko dituzte eta 2026. urtearen hasieran ikusi ahal izango dugu Primeranen. Thinketers ekoiztetxeak garatu du saioa.