Sortu zure profil digitala

Sarean ez dagoena ez omen da existitzen. Ziurrenik, izango duzu sare sozialen
batean konturen bat, edo, agian, blogaria zara. Sarean duzun presentzia modu
txukunean ordenatuta erakutsi nahi baduzu, About.me plataforma interesa dakizuke.



Interneten guztia omen dago, eta denok omen gaude; sarean arrastorik utzi ez duela uste duena ere agertuko da, ziurrenik, nonbait. Eta gutako asko, gehienok ez esateagatik, nahita gaude sarean, Facebook, Twitter edota LinkedIn bezalako sare sozialetan, adibidez. Azken horren haritik, adituen esanetan lana aurkitzeko garrantzitsua da gure presentzia digitala zein den ezagutzea eta hobetzea. Baina lan bila ari ez bazara ere, positiboa izan daiteke sarean duzun presentzia laburrean biltzen duen profil digitala sortzea. Horretarako, tresna ezberdinak ditugu gure esku; oraingoan, About.me plataformaz hitz egingo dizuet.

Doakoa da eta minutu gutxitan itxura profesionala duen profil digitala martxan jartzeko aukera eskaintzen du. About.me helbidera sartu eta erregistroa egiteko beharrezkoak diren datuak sartzea nahikoa izango duzu zure kontua irekitzeko. Behin hori eginda, about.me/AukeratutakoIzena formatudun web helbidea duen orria sortuko duzu. Nahi izanez gero, .eus, .com edo bestelako domeinuren bat duen helbide bat erosi dezakezu, eta handik zuzenean berbideratu zure about.me helbidera.

Sinplea eta eraginkorra
Plataformaren funtzionamendua oso erraza da. Azken finean, sortu duzuna web orrialde bakarra da; ez du beste aukerarik ematen, baina lasai, orri bakarra nahikoa da eta. Edizio atalean hainbat aukera dituzu orriaren diseinua pertsonalizatu ahal izateko. Alde batetik, orriak izango duen argazkia aukeratu dezakezu; About.me-k berak eskaintzen dizkizu batzuk, edo zure argazki bat erabili dezakezu. Argazkiak pantaila osoa edo zati bat har dezake. Bestalde, zure biografia edo zuri buruzko informazioa idazteko atala duzu. Bertan, beste web orri batzuetara daramaten estekak txertatu daitezke. Testuen tamaina, kolorea eta formatua aldatzeko aukera ere eskaintzen du. Horretaz gain, sare sozialetan dituzun kontuen helbideak bakoitzari dagokion irudiarekin txertatu dezakezu; modu horretan, Facebook, Twitter, LinkedIn eta halako sare sozialetarako sarbidearen itxura oso txukuna geratzen da.

Behin orrialdea amaituta duzunean, zure profila sarean zabaltzea izan daiteke aproposena. Horretarako, bestelako sare sozialen antzera funtzionatzen du About.me plataformak ere. Horrela bada, zerbitzuaren erabiltzaileen artean mezu pribatuak bidali daitezke edota hitz gakoak erabilita ezaugarri jakin batzuk dituen pertsona bila dezakezu.

Gainera, profila erakusteko edo elkarbanatzeko hainbat aukera ere ematen ditu, adibidez, zure mezu elektronikoen amaieran sinadura gisa agertzea edota identitate txartel edo laneko txartel moduko bat egitea. Azken aukera hori baliatzeko, ordea, ordaindu egin beharko duzu.

Orain badakizu profil digitala nola sortu. Azken emaitza zure irudimenaren eta trebeziaren esku geratzen da. Nirea horrela geratu da. Gustatzen?

www.about.me/aldakur

Harritu gaitu



Day Tweet
Txio auto-suntsigarriak. Web aplikazio honen bitartez, bidali nahi dugun txioa sarean zenbat denboran irakurgai egongo den zehaztu dezakegu.

Es la comidilla
Blogaren sortzaileek diotenez, janaria gustuko dutenentzako bloga da. Bertan, hainbat jatetxe eta jakiren gaineko informazioa aurkituko duzu. (Euskaraz eta gaztelaniaz).

Epic Fail
Politika, umorea eta kritika oinarri dituen bloga. (Ingelesez).