Sormen egonaldien bigarren deialdia egin du Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak

Uztailaren 16ra arte eman daiteke izena, eta egonaldiak irailetik abendura izango dira.

Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibak, Dinamoa sormen gunearen abaroan, sormen egonaldien deialdi berria jarri du martxan, diziplina orotariko sortzaileei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzeko.

Bigarren deialdi honetan ere hiru deialdi mota egongo dira: #Harri (egonaldi osoa), #Orri (egonaldi sinplea) eta #Ar (antzerkia eta arte eszenikoetara bideratua). Egonaldiak irail hasieratik abenduaren amaiera bitarte izango dira, Dinamoa sormen gunean. 

Izen-ematea uztailaren 16ra arte egongo da irekita eta ebazpena, berriz, uztailaren 21ean jakinarazi. Deialdiaren inguruko informazio guztia dinamoa.eus webgunean lor daiteke. 

Lehen deialdiko egonaldiak
Dinamoan egingo diren lehen deialdiko egonaldiak zehaztu dituzte. Elena Olabe Duñabeitia, Ana Zapirain eta Alicia Rechac, Nerea Elorza, Eider Sanz eta Amaia Santamaria, Oier Aramendi, Sandra Cuesta eta Ines Osinagak hartuko dute parte.