Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa apirilaren 30ean egingo dute
Bertsotan emandako pisten bidez asmatu beharko dituzte esaera zaharrak parte hartzaileek.
Pandemiaren ondorioz bi urtez huts egin ostean, apirilaren 30ean egingo du AEK-k esaera zaharren txapelketaren XXVII. edizioa Sopelan.
Parte hartzaileek atsotitzak asmatu beharko dituzte bertso bidez emango zaizkien pistei erreparatuta. Lehen fasea goizean egingo da, Algortako Bertsolari Eskolakoek idatzitako bertsoei jarraikiz. Tabernaz taberna ibiliko dira guztiak herrian, musikariak lagun. Gero, Artadi garagardotegian bazkaldu, eta talde finalistek bigarren faseari ekingo diote, Ainhoa Agirreazaldegiren eta Etxahun Lekueren bertsoak zuzenean entzunda.
Bizpahiru laguneko taldeek har dezakete parte, eta izena emateko epea apirilaren 26ra arte egongo da zabalik, esaera.zaharrak@aek.eus helbidean. Izena emateaz gain, atsotitz zerrenda ikasi eta gainerako arauak irakurtzeko gomendioa egin dute antolatzaileek.
