"Soinujolearen semea" antzezlana aretoetan da dagoeneko
Izen bereko Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako antzerki obra iritsi da Bilboko Arriaga Antzokira. Atzo, urriak 18, egin zuten euskarazko estreinaldia, eta gaurtik larunbatera egingo dituzte gaztelerazko emanaldiak. Ondoren, Donostiara eta Gasteizera eramango dute obra.
Soinujolearen Semea 2003an argitaratutako eleberria da. Bernardo Atxagaren lana hamalau hizkuntzatara itzuli da geroztik, eta mundu osoan oso harrera ona jaso du. Ondorioz, Ttanttaka Teatroa konpainiak lana taularatzea erabaki du hezur-haragizko pertsonaien bidez.
Proiektua aurrera ateratzen lagundu dute Bilboko Arriaga Antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Gasteizko Principalek. Hiruen arteko elkarlanari esker garatu dute antzezlana, eta hain zuzen hiru areto horietan egingo dituzten estreineko emanaldiak.
Fernando Bernusen zuzendaritzapean, ekipo tekniko bikaina du atzean obrak: Patxo Telleria arduratu da antzerki egokitzapenaz, Iñaki Salvadorrek egin du musika, Jose Ibarrolak muntatu du eszenografia, eta euskal aktore ezagun ugarik gorpuztuko dituzte pertsonaiak.
Sinopsia
David eta Joseba umetako lagunak dira. Haurtzaroa utzi berritan, bi lagunak, bata arrazoi ideologikoengatik eta beste emozionalengatik, 70. hamarkadako ETA sortu berrian sartzen dira. Borrokaldi laburraren ostean, Frantziara erbesteratu behar dute, eta Davidek, sentitzen duen desenkantu eta abandonoaren ondorioz, taldea utziko du. Espetxetik irtenda, Ameriketara joango da, taldekideen bazterketaren ostean, bizimodu berri bat hastera.
Hogeita hamar urte geroago, David hiltzeko zorian dela, Josebaren bisita jasoko du Kaliforniako etxean, eta bertan iraganeko mamuei aurre egin beharko die.
Egutegia
Urriaren 19, 20 eta 21ean
Bilboko Arriaga Antzokian
Urriaren 24 eta 25ean
Gazteizko Principalen
Azaroaren 3, 4 eta 5ean
Donostiako Victoria Eugenian