Skabidean: “Euskaldunok ez badugu euskarazko musikarik egiten, nork eginen du gure partez?”

Iruñeko Skabidean taldea asmo apalekin sortu zen, bertsioak eginez oholtza gainean gozatzeko. Apurka euren abestiak sortzen joan dira eta otsailaren 22an euren bigarren diskoa aurkeztuko dute. Festa giroa eta poza bermatuta daude euren erritmo alaiak entzutean. Eurekin mintzatu gara beren helburu eta amets berriak zein diren jakiteko.

2011. urtean sortu zen Skabidean. Lehengo diskoa ordea 2017an argitaratu zenuten, zer dela eta? Zein izan ziren aurkitu zenituzten zailtasunak?
Taldea 2011. urtean osatu bazen ere, bere jarduera 2012an hasi zela esan behar dugu. Lehenengo urteetan konposizioa ez zen gure kezka nagusia izan. Bertsioak egiten ondo pasatzen genuen kontzertuetan eta aski zitzaigun. Gainera diskoak “talde handien” kontua zirela pentsatzen genuen. Gerora, zenbait abesti prestatu genituenean, baliabideak muga bihurtu zitzaizkigun. Izan ere, grabatzea ahalegin ekonomiko handia zen guretzako. Horregatik, behingoz zerbait fisikoa izateko grina geldiezinean 2015ean maketa bat egin genuen lau abestirekin. Diskoa 2017an heldu zen. Bi lanen arteko tarte horretan maketako abestiak hobetu genituen, baita beste hainbat konposatu ere.

Egun Skabidean & The Black Birds zarete, zein dira Black Birds horiek?
The Black Birds emakumezko abeslarien hirukotea da. Idoia Tapiak, Lorena Aisak eta Claudia Rodríguezek osatzen dute. The Black Birds, berez, Skabideanen osagarri izateko sorturiko sekzioa da, hau da, ez ziren aurretiaz existitzen. Skabidean taldeak elkarturiko abeslariak dira, kontzertuetan aritzeko. Sekzio berri honek ate anitz ireki dizkigu, estilo eta gauza berriak probatzeko.

Alabaina, dagoeneko ez gara Skabidean & The Black Birds! Egun, Skabidean gara berriz ere. Egia da 2019ko denboraldi guztian zehar “Skabidean & The Black Birds” izenpean ibili garela, baina horrek badu bere azalpena. Hasiera batean The Black Birds-ekiko lankidetza behin-behinekoa zen, esperimentu bat, baina guztia hain ongi joan da, non egitura behin betikotzea erabaki dugula. Gauzak horrela, izen banaketa bat egitea ez genuen jada egoki ikusten. Beraz, Skabidean izena berreskuratu dugu, baina “The Black Birds” hirukotea barneraturik, orain taldearen erabateko parte direla adierazteko.

Formazioan aldaketak izan al dituzue ala egonkor mantendu da?
Harrigarriki, taldea egonkor mantendu zen urte luzeetan zehar. Hala ere, badirudi Xanti (baxulari ohia) joan zenean, 2018ko denboraldia amaiturik, horrek nolabaiteko “eztanda” ekarri zuela. Orduan iritsi ziren baxu berria eta Txori Beltzak. Hala ere, erantzuna baiezkoa dela dirudi. Taldea egun egonkor mantentzen da, eta denbora luzez horrela jarraitzea espero dugu.

Skaz gain, musika beltzaren kutsua ere badu zuen musikak, baita reggae eta funky-arena ere, nondik datorkizue estilo hauekiko zaletasuna?
Hasiera batean euskal taldeen bertsioak jotzen genituen, 80ko hamarkadakoak, eta jakina da horiek ere hein batean musika beltzaren kutsua dutela. Errate baterako, Kortatu taldeak ska egiten zuen nolabait, ska-punk nahi baduzu. Hertzainak-ek antzera, eta zer erranik ez Potato-ren kasuan. Gu punk osagai hori baztertuz joan ginen ska osagaian sakonduz. Ska izan da musika beltzarenganako gure zubia. Skatik, reggae eta rocksteady-ra zabaldu ginen, eta denboraren poderioz funky eta boogiera ere bai. Eboluzio nahiko naturala izan da, ez dugu ezer bortxatu.

Euskaraz abesten duzue, ingelesera edo gaztelerara pasatzeko tentaziorik eduki al duzue?
Bai, izan zen nolabaiteko keinuren bat bere garaian. Lehenengo diskoan bi abesti gazteleraz daude, eta bertze bi ingelesez, zenbait errepika edo leloz gain. Garai hartan iruditzen zitzaigun ingelesez abesteak gure musika aberasten zuela, nolabait “garbiago” eginen zuela. Izan ere, musika jamaikarra ingelesez egin ohi da. Hala ere, aburuz aldatu genuen, aski azkar gainera. Bigarren diskotik aitzina euskara izan da gure apustu bakarra eta harro gaude hala izateaz. Azken finean, euskaldunok ez badugu euskarazko musikarik egiten, nork eginen du gure partez? Euskal kulturaren alde jartzen dugu gure aletxoa da, edo hala ikusten dugu guk behintzat.

Otsailaren 22an zuen hirugarren lana aurkeztuko duzue, zer eskainiko duzue lan berri honetan?
Disko osoaren aurkezpena 22an bada ere, otsailaren 2an bideoklip bat kaleratu genuen aurrerapen bezala. Lan berri honek denetarik dakar: funky-a, reggae-a, ska, skinhead reggae-a, raggamuffin-a, soul-a eta rocksteady-a... Disko ezin anitzagoa geratu zaigu, eta gustu oso ezberdineko jendeak gozatzeko modukoa dela uste dugu. Mundu guztiarentzako diskoa da zalantzarik gabe!

Behin diskoa aterata, kontzertu bira hasiko duzue, erraza al da kontzertuak lotzea?
Normalean ez. Adibidez, diskoa aurkezteko zenbait aretotatik igaroko gara, biratxo moduko batean. Ez da erraza ordea, aretoek ez baitute zertan libre egon guri interesatzen zaizkigun datetan. Gainera, diskoetxerik edo ekoizlerik gabe lan egiten dugu, autogestioan sinetsirik. Hala ere aipatu, aretoen kontuaz harago, eskertzekoa dela Euskal Herri osoko eragileek eta jai-batzordeek ematen diguten harrera, etengabe jasotzen ditugu deiak, eta nabari da kontuan hartzen gaituztela.

Nola gozatzen duzue gehiago, abestiak sortzen ala zuzenean interpretatzen?
Oholtza gainean gozatzen dugu gehien. Skabidean zuzenean aritzeko sorturiko taldea da, zuzeneko harremana gustatzen zaigu. Hala ere, ez dago bata bertzerik gabe, hau da, ezinezkoa litzateke hainbertze gozatzea konposaketa-lana aurretiaz eginik ez balego!

Zer aurkituko du Skabidean taldearen kontzertu bat ikustera doanak?
Festa, algara, dantza eta giro ona. Musika honek zoriontasuna helarazten du, motibazioa eta dantzatzeko gogoak. Zaleek beti azpimarratu izan dute gure kontzertuetan sortzen den giro polita. Lehenengo lerroak geldigorrentzako dira, eta gibelaldea lasaiki aditzea gustuko dutenendako. Mundu guztiak gozatu dezake Skabideanen kontzertu batean!

Etorkizunera begira zein dira betetzea gustatuko litzaizkizuekeen ametsak?
Aurten gure ametsetako bat lortu dugu dagoeneko: Hatortxu Rocken jotzea. Hortik abiatuta, ametsak oso bertzelakoak izan daitezke: artista jakinekin kolaborazioak egitea, bertze leku bereziren batean jotzea... Nolanahi ere, egun, diskoa jendearen gustukoa izatearekin konformatzen gara. Kontzertuz eta esperientzia berriez beteriko bertze urte bat nahi dugu, eta hori da 2020 honetarako daukagun amets apala.