'Six-seven' (sei-zazpi), gazteen artean zabaldu den esamoldea

Zer den ez badakizu, onar ezazu, ez zara gaztea. Baina lasai, gazteen hizkera ulertzen lagunduko dizugu.

Oihartzun handia izan du six-seven (sei-zazpi) esamoldeak jendartean, eta Dictionary.com atariak 2025eko hitz izendatu du. Ingalaterrako eta Estatu Batuetako ikasgeletan erabiltzen omen da, eta gero eta gehiago ari da zabaltzen. 

Baina zer esan nahi du edo nondik dator? Batzuen ustetan Skrilla raperoaren abesti batetik dator. Doot Doot izeneko kantua biral egin zen sare sozialetan eta raperoak esaldi hori abesten du erritmo itsaskor batez lagunduta. Horretaz gain, raperoa Filadelfian bizi zeenean 67 zenbakian bizi zela aipatu dute.

Taylen Kinney saskibaloi jokalariak meme horren zabalkundean lagundu du, zuzeneko elkarrizketetan esamoldea erabilita eta eskuekin "sei eta zazpi" keinuak eginez. Horretaz gain, ume batek, haren gustuko taldeak galdu eta gero, kamerari begira esamoldea garrasika esan zuen eszena ere ezagun egin da. 

Esamoldearen jatorriaren inguruko bestelako teoriak ere badira. Zenbaiten iritziz, Estatu Batuetako poliziek heriotza baten berri emateko erabiltzen duten 10-67 kodearekin zerikusia du.

Gazteei galdetuz gero, ez dute erantzun garbirik ematen, definizio zehatzik ez duela eta. Batzuek aipatu dute "gutxi gorabehera" esan nahi duela, eta beste zenbaitek "agian hau, agian bestea" adierazi nahi duela, batez ere esku-keinuekin batera badoa.

Ulertu ala ez, etekin ekonomikoa ateratzeko ere baliatu dute, izen hori duten produktuak saltzen hasi baitira dagoeneko.