Signal, Telegram, WhatsApp; alde garrantzitsuenak pribatutasunean

Azken egunetan polemika piztu da WhatsAppen pribatutasun neurrien eguneraketaren harira, eta asko dira Telegram ala Signalera igaro direnak; baina, zein da ezberdintasuna?

Signal mezuen app-a modan jarri da, hare gehiago Elon Musk ingeniari aberatsak gomendatu duenetik; WhatsAppekin haserre zeuden erabiltzaileei Signalera igarotzeko gonbita egin eta berehala, app honen deskargak %5.000 hazi dira. Dudarik ez dugu Teslaren fundatzaileak baduela jendea konbentzitzeko boterea, baina zein da zehazki Signal, Telegram eta WhatsAppen arteko ezberdintasuna? Hiruretatik zeinek errespetatzen du gehien gure pribatutasuna?

Orain arte, WhatsAppen pribatutasun neurriez fidatzen ez ziren erabiltzaileek Telegram erabili dute alternatiba moduan, Signal iritsi den arte. Azken honen promesa indartsuena hain zuzen pribatutasuna gordetzea da. Baina, egia ote? Hasteko, alderatu ditzagun app bakoitzak zure mugikorretik erabiltzen dituen datuak: 

Lehen begiratuan, atentzioa deitzen duena da WhatsAppek erabiltzen dituen datu kopurua beste bi app-ekin alderatuta; horietako batzuk ez diote gure pribatutasunari zuzenean eragiten, app-ak berak hobeto funtzionatzeko datuak baitira, akatsen eta erabileraren txostenak kasu. Baina zeharka pribatutasunari eragiten dio, batez ere, WhatsApp zuzenean lotuta dagoelako Facebook eta Instagramekin, eta hirurek gure datuak eskuratzen dituztelako.

Telegram erdibideko aukera dugu; app honek zure telefono zenbakia, kontaktuak eta erabiltzailea gogoratuko ditu, baina oso oinarrizko datuak dira. 

Signal berriz, soilik telefono zenbakiarekin nahikoa du funtzionatzeko, eta ez ditu gainontzeko datuak gordeko; honek badu desabantaila bat; mugikorrez aldatzean ala beste gailuren bat erabiltzean ez zaitu ezagutuko. Dena den, pribatutasuna gordetzeko eraginkorrena da dudarik gabe.

Bestalde, bai Telegramek eta bai Signalek abantaila garrantzitsu bat dute; WhatsApp ez bezala, ez dira Facebook bezalako enpresa handi baten menpean bizi. Hala, Signal erabiltzea erabakitzen baduzu ez dituzu WhatsApp-ek eskatzen dituen bahimen eta baldintza zerrenda amaigabeak onartu beharko. Kontran, oraindik gutxi dira Signalen erabiltzaileak, eta beraz, zaila egingo zaizu zure ingurukoekin kontaktuan egotea. Telegramek erabiltzaile gehiago ditu, baina oraindik ez WhatsAppek bezainbeste.