Sheffield, industriaren errautsetatik berpiztutako hiria

Behinola altzairugintzaren hiriburua izandakoa, gogor jo zuen 80ko hamarkadako desindustrializazioak. Bere burua berrasmatzen jakin du, ordea. Lantegien hotsa
isilduta, unibertsitatea eta natura dira Sheffielden hauspo berria.



Yorkshire konderri zabalaren hego-mendebaldeko muturrean dago Sheffield, Ingalaterra iparraldeko eremu industrializatuenaren bihotzean. Britainiar Inperioaren garairik oparoenetan, milaka langileri jaten ematen zieten hango labe garaiek, mundu osoko altzairu gosea asetzen zuten bitartean. Haatik, krisiak dena zapuztu eta hiriaren ekonomiak hondoa jo zuen. Fabriken kea atzean utzita, industria astunaren eredutik urrun dagoen bidea hartu du Sheffieldek, eta Guggenheim museorik gabeko Bilbo bat balitz legez, txukunago eta atseginago ageri da gaur egun. Pixkanaka, turistak inguratzen hasi dira eta, unibertsitateei esker, hiria gaztetu egin da.

Bilbon bezala, Sheffieldeko erdigunea ere lantegi erraldoiek hartzen zuten ez oso aspaldi. Gaur egun, dendaz betetako kaleak, pasealekuak eta iturriak daude. Baita lorategiak ere, lorategi asko eta era guztietakoak. Winter Garden izeneko negutegia da aipagarriena. Udaletxearen eta hiriko bi antzokien artean dago. Egurrezko estalkiaren barruan mundu zabaleko ekosistemetatik ekarritako 2.000 landare eta zuhaitz inguru gordetzen dira. Neguko egun hotzetan, herritarrentzako babesleku aproposa da, eta udan itzaletan lasai egoteko tokia. Leku irekiak nahiago dituztenentzat, Peace Gardens edo bakearen lorategiak geraleku ikusgarria dira. Arkitekturak, urak eta landareek bat egiten dute nazioarteko sariak jaso dituen eremu horretan. Hiriaren kanpoaldean, 1836an irekitako lorategi botanikoa dago.

Sheffield hiri aldapatsua da, baina oinez ibiltzeko prestatuta dago. Pertsonen neurrira egindako erdigunea dauka. Fargate Street kale zabalean oinezkoak eta tranbiak baino ezin dira ibili, eta alboko kale-kantoi eta plazetan, dendak, jatetxeak eta antzokiak aurkituko ditugu. Bi katedralak ahaztu gabe: katolikoa eta anglikanoa. Aldapan behera eginda, Don eta Sheaf ibaien ertzean, industrializazioaren garaiko adreiluzko eraikinak, lantegi zaharren horma sendoak eta kristalezko etxeorratzak dira iraganaren eta orainaren arteko lotura. Lady´s Bridge zubia ere nahasketa bitxia da. Erdi Aroko harria eta XIX. mendeko burdina, biak dira zubiaren egituraren parte.

Trenaren zabalkundearen aurretik, Ingalaterran kanalak izan ziren merkataritzarako bide nagusia. Gaur egun salgaien garraioa hutsaren hurrengoa bada ere, aisialdiko itsasontziek ikuskizun koloretsua eskaintzen dute Sheffieldeko kanal estuetatik osteratxoa eginez gero. Victoria Quays-eko moiletan eskulturak eta adokin dotoreak daude garai bateko merkantzia pisutsuen lekuan. Turisten ibilera patxadatsuak ordezkatu ditu langileen joan-etorri zaratatsuak. Kanaleko terminal eta biltegi izan zena, 1819koa, argazki-kameren helburu da orain.

Sheffielden oraina eta etorkizuna ez daude altzairugintzara lotuta, iragana egon zen bezala. Alabaina, industriak utzitako ondarea ez ahazteko hautua egin dute. Azken finean, fabrika erraldoiek eta langile saldoek goitik behera aldatu zuten hiriaren fisionomia eta izaera. Gaur egungo Sheffield ez dago ulertzerik industrializazioaren aztarna ezagutu gabe. Horretarako lekurik aproposena Kelham Island inguruan dago. Erdigunetik aparte dagoenez, fabriken eraikin erraldoiak bere horretan mantendu dituzte, iraganaren lekuko isil gisa. Don ibaiaren urak mugitzen zituen fabriken barrenak, Yorkshire eta Derbyshireko mendietatik ekarritako ikatzarekin batera. Inguruko fabrika guztietara uraren indarra eramateko hainbeste ubide egin zituzten, auzoa uharte bihurtu zela. Hori da Kelham Island izenaren zergatia.

The Full Monty filmeko (Peter Cattaneo, 1997) protagonista langabetuen azalean gaudela begitanduko zaigu, behinola munduko altzairutegi handienen sua hartu zuten eraikin abandonatu eta bakartien artean. Ondare industrial aberatsa gal ez dadin, Kelham Island Museum delakoa martxan da 1982tik. Adreilu gorrizko eraikinaren inguruan, altzairugintzan erabiltzen ziren tramankulu harrigarriak daude ikusgai. Guztien buru, Bessemer bihurgailua ageri da. Sheffielden bezala, Bilboko itsasadarreko labe garaietan ere ondotxo dakite Henry Bessemerren asmakuntzak altzairugintzan ekarri zuen aurrerapena. Museoaren barrualdean, garai bateko lantegiek nola lan egiten zuten ezagutu ahal izango dugu, argazki eta objektu ugariren laguntzarekin. Altzairu goria kiribiltzeko 1905eko lurrun-makina batekin erakustaldiak egiten dituzte noizean behin. 12.000 zaldiko potentzia dauka eta 1970era arte erabili zen industria astunean.

Unibertsitate hiria
Industrializazioaren aroan, Sheffieldek Ingalaterra osoko langileak erakarri zituen eta, gaur egun, ikasle gazteen topaleku da. Sheffield eta Sheffield-Hallam unibertsitateak bertan daude, eta hiriaren erdigunea fakultatez eta ikasle egoitzaz beteta dago. Urtero 65.000 pertsona erakartzen dituzte unibertsitateek. Hartara, ez da harritzekoa plaza, lorategi eta tabernetan gazteak aurkitzea. Atzerritik etorritako ikasleei esker, gainera, hizkuntza eta kulturen topagune ere bihurtu da Sheffield.

Musikaren arloan Ingalaterrako hiririk aktiboenetako bat da Sheffield. Zuzeneko musika entzuteko lekuak aurkitzea ez da zaila, areto eta taberna ugari baitago. Nazioarteko ospea lortu duten talde eta musikari askoren sehaska izan da hiria: Def Leppard, Arctic Monkeys, Paul Carrack edota Joe Cocker, adibidez.

Mendiz inguratua
Sheffielden berpizkundearen oinarrietako bat natura da. Udal mugen barruan natur parke bat duen Ingalaterrako hiri bakarra da. Mendiz inguratutako hiria da, eta trenari eta autobusari esker minutu gutxian igaro gaitezke hiriaren burrunbatik landa-eremuaren lasaitasunera. Hala, bisitariak erakartzeko amu paregabea da, industria baino garbiagoa eta jasangarriagoa, gainera. Bi milioi zuhaitz daude hiriaren 367 kilometro koadroen barruan; Europako bataz besteko handienetakoa.
Peak District natur parkeak hiriaren azaleraren herena hartzen du. Hala ere, Derbyshire konderrian dago parkearen eremurik zabalena. Edale izeneko herrixkara egun bakarreko ibilaldi atsegina antola dezakegu, trenak ordu erdia baino ez baitu behar Sheffieldetik hara iristeko. Edale Peak Districten bihotzean dago, mendi malkartsuen altzoan, baso baten erdian. Parketxea eta etxe gutxi batzuk baino ez daude paraje baketsu horretan. Gustu guztietarako txangoen abiapuntu da, paseo errazetarako nahiz zeharkaldi luzeetarako, oinez zein bizikletaz. Peak Districteko gailurrik altuena, Kinder Scout (636 m), ezagutu nahi izanez gero, Grindsbrookeko arroilan barneratu behar gara. Aldaparik latzenak igarota, goi lautada amaigabe bat zeharkatu behar dugu, harri formazio misteriotsuen artean eta belardi biguna zapalduz. Kinder Scouteko tontorreko ikuspegiak aho zabalik utziko gaitu, Peak District Ingalaterrako iparralde gainpopulatuan naturaren arnasgune erraldoia dela jabetuko baikara. Eguraldi txarrarekin ez da komeni goi lautadan ibiltzea, orientazio zaileko lekua baita, eta hezetasunarekin belardi gozoa belaunetarainoko lokatz gogaikarri bilakatzen baita.

Eta ez, izan zitekeen arren, aboko argazkikoa ez da San Mames zaharraren arkua.