Shakirak Madrilgo kontzertuetarako eraikiko duen estadioa: 50.000 pertsona eta askotariko jarduerak

Kontzertuko tarteaz gain, beste hainbat ekintza eta gune izango dira egunean hamabi bat orduz bertan ibili ahal izateko.

Shakirak Madril aukeratu du Las mujeres ya no lloran birako Europako kontzertuak emateko kokagune gisa, eta lotu dituen hamaika kontzertuak emateko behin-behineko gune edo barruti bat eraikiko dute. 

Macondo Park izena jarri diote guneari, Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarraren Cien años de soledad liburuari keinu eginez, eta haren barruan izango da 50.000 pertsonarentzako lekua izango duen estadioa. Irailaren 18an, 19an, 20an, 25ean, 26an eta 27an, eta urriaren 2an, 3an,4an, 10ean eta 11n izango dira kontzertuak. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Villaverde barrutiko Iberdrola Music-en eraikiko dute estadioa, eta Live Nation arduratuko da horretaz, Big Builds arkitektura enpresak egindako diseinuan oinarriturik. "Intimitate kolektiboko espazioa" izango dela iragarri dute, eta Shakirak berak ere estadioaren diseinuaren irudiak goraipatu ditu sare sozialetan.

Kontzertuaz gain, beste zenbait kontu ere izango dira ordea Macondo Park-en. 21 hektarea horietan hainbat jarduera izango dira egunean hamabi bat orduz, "kultura latinoamerikarra omendu" nahian. Beste artista batzuen emanaldiak, erakusketak, gastronomia, gune berdeak, artisau azokak, eta haurrentzako gunea izango dira besteak beste.

Gaur egungo identitate latinoaren adierazpena izatea dute gogoan, eta musika, kultura eta giza-harremanak ospatu nahi dituzte, bizirik dagoen paisaiaz inguratuta. 

Shakirak 2025eko otsailean ekin zion Las mujeres ya no lloran" birari, eta Hego Amerikako, Estatu Batuetako eta Kanadako hainbat hiritan izan da. Madrilen ez ezik, Egipton eta Arabiar Emirerri Batuetan ere izango da udazkenean.