Shakirak doako kontzertu jendetsua emango du maiatzean

Bi milioi pertsona inguru bertaratzea espero dute, eta abeslariak gogotsu dagoela adierazi du.

Shakirak doako kontzertua egingo du maiatzaren 2an, Rio de Janeiroko hondartza ezagunenean, Copacabanan. Las Mujeres Ya No Lloran izeneko birarekin dabil orain abeslari kolonbiarra, eta mugarri bat izango du kontzertu berezi hau.

"Brazil, zuekin egongo naiz laster, Copacabanan. Gehien amestu dudan kontzertua da. Oso ondo pasako dugu. Zuen falta sumatzen dut, baina laster izango naiz bertan. Maite zaitut, Brasil!", adierazi du Shakirak bideo batean. "Hondartzarik ikonikoenean abestu, dantzatu, eta hunkitzeko" parada izango dela gaineratu du.

Hirugarren aldiz izango da kolonbiarra brasildarren aurrean kantuan. 1997an kontzertu bat eman zuen bertan, hain ezaguna ez zenean, eta iaz itzuli zen azken biraren baitan, Riora eta Sao Paulora hain zuzen ere.

Ezagunak dira Copacabanako emanaldi erraldoiak. Iaz Lady Gaga izan zen han, eta 2,1 milioi lagunen aurrean aritu zen kantuan. Aurreko urtean, 2024an, Madonna aritu zen oholtza gainean, eta 1,6 milioi lagun elkartu ziren. Ildo horri jarraiki, Shakiraren kontzertuan ere pare bat miloi izango direla aurreikusten da.

Kontzertuak turismoan eta bertako ekonomian ere eragina izango du. Zenbait hedabidek azaldu dutenez, Copacabanan ostatu hartzeko Google bilaketek % 60 egin dute gora. Gutxi gorabehera 500.000 turista bertaratuko direlakoan daude, eta 500 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izango duela.