Sexy Center supermerkatua ireki berri dute Lapurdin

300 metroko eremua, jantzi sexyak eta hamaika jostailu erotiko, masajeetarako olioak eta beste. Horiek dira Lapurdiko Basusarrin ireki berri duten Sexy Centerren ezaugarri nagusiak.


Saltokia autobidetik gertu dago. Jabeak azaldu duenez, 150 kilometrora bizi den jendea ere jasoko dute dendan. Eskarmentua ez zaie falta, izen eta mota bereko supermerkatua baitute Bordelen. Tankera honetako dendetako bezero gehienak emakumezkoak dira, nagusiaren hitzetan, "ez dituztelako gizonek bezalako taburik".
Basusarriko Sexy Centerrera bertaratzen denak sexu jostailuak, olioak, liburuak, linjeria, soineko sexyak eta abar erosi ahal izango du -probalekurik, noski ez da falta-. Baita sexuari buruzko mahai jolasak ere -galdera intimoak erantzutean datzan jolasa-, errate baterako.