[SEXUMATOIA] MARIA BLANCO: “Pornoa ikusi beharrean, liburu erotikoak irakurtzea gomendatzen dut”
Maria Blanco (Zestoa, 1995) hortz-higienista eta umoregilea da. Bakarrizketetan aritzen da eta ‘Benetan Zabiz’ bideopodcastean ere parte hartzen du. ‘Pole dance’ eta ‘twerking’-a egitea ere gustuko du aisialdian. Ez da geldirik egotekoa, ez!
Zer telesail edo filmek jartzen zaitu bero-bero?
Sex education-ek. Ez nau bero-bero jartzen, baina oso dibertigarria da. Film bat aukeratzekotan, Kiki, el amor se hace.
Noiz eman zenuen zure lehen musua?
13 urte-edo izango nituen, eta nahiko arraroa izan zen. Ez nuen errepikatzeko gogorik izan.
Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Zein den jakin gabe, ez! Lagun batek esaten badit zita bat prestatu didala bere ezagun batekin, bada, orduan bai!
Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
Ez ezkutatu ezer, hasieratik jakin nahi dugu dena: pentsaera, ideologia, balioak... Ez dugu sorpresarik nahi aurrerago.
Zer da lehen begiratuan segituan erakartzen zaituena?
Pertsona horrek energia edo bibrazio ona ala txarra transmititzen didan begiratzen dut. Hala ere, pertsona lotsatiek asko pizten naute, kar-kar.
Zuk ematen duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Nik ematen dut, ia beti, lehen pausoa. Norbait gerturatzen bazait, seguruenik ez zait gustatuko, ni bezain lotsagabea delako. Kalabazak emateko edo jasotzeko modurik originalena?
Kalabazak jasotzea normalizatu egin behar da, ez da ezer pasatzen. Ez dago modu originalik; esperantzarik ez eman beste pertsonari, ez jolastu bere sentimenduekin, eta argia izan sentitzen duzun horrekin.
Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Ni neu izatea.
App-ak edota sare sozialak erabili dituzu ligatzeko?
App-ak bai. Egia da ez dakigula non ligatu. Alkoholez eta drogez inguratutako espazioak ez dira egokiak nire ustez, baina parrandan jende berria, desberdina, ikusten duzu.
Sare sozialetan DM edo mezu zuzenak bidaltzen dituzu ligatzeko?
Maite-jolasean nabilen norbaiti bai, baina bestela ez dakizu beste pertsonak bikotekidea duen ala ez eta bikote harremanetan sartzea ez zait gustatzen.
Zein pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko ‘sex symbol’-a?
Jon Plazaolak du titulu hori eta ondo irabazia, kar-kar-kar. Oso pertsona naturala, ona eta gardena da. Planta dotorea du gainera.
Zer da sare edo aplikazio bidez ligatzerakoan gertatu zaizun gauzarik bitxiena?
Maitemintzea...
Zure lanbideak laguntzen dizu ligatzen?
Higienista lanetan ligatzea ez da erraza. Bat edo beste gerturatu izan zait bakarrizketetan, oso jende jatorra, baina oso gutxitan.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Ez zait gustatzen kozinatzea eta txar samarra naiz. Beraz, hark janaria prestatu eta nik garbitzea adostu beharko genuke.
Ligatzeko inoiz eman dizuten aholkurik txarrena?
“Ez idatzi berehala, tarte batez itxaron erantzun aurretik”. Interesantearena egin, zertarako? Zer txorakeria dira horiek?
Zein da zurekin oheratzeko hobekien funtzionatu duen esaldia?
“Psikologoak esan dit ondo nagoela”. Jendea oso gaizki dagoela konturatu naiz: manipulazioak, gezurrak… Horrek inguratzen gaitu azkenaldian, beraz, ondo dagoen jendea ikustea eskertzekoa da eta oso erakargarria da gainera.
Maniarik baduzu oheratzerakoan?
Ez dakit mania den edo hozbera naizelako den, baina galtzerdiak kentzea asko kostatzen zait.
Pornoa ikusteko, bakarrik ala konpainian?
Pornoa ikusteari utzi behar diogu, kalte larriak sortzen ari da gizartean. Pornoan ikusten dena ez da sexua, ez hartu bertan ikusitakoa erreferentziatzat. Liburu erotikoak irakurri; Noemi Casqueten trilogia zoragarria gomendatzen dizut, adibidez.
Zein da etxean sexurako txokorik onena?
Denak du bere grazia momentuaren arabera. Tokirik txarrena, ordea, argi daukat: dutxa. Deserosoa da, ez da praktikoa.
Inoiz egin al duzu txortan leku publiko batean?
Bai. Inor ez dagoen lekuetan, mendian, hondartzan… Natura ederra eta oso lasaigarria da.
Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Zalantzarik gabe, Azore uharteetan. Hotel bateko termak ikustera joan ginen, itxita zegoen, eta baimenik gabe sartu ginen. Harrapatuko zaituzten ala ez jakiteak morboa sortzen du.
Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Hirukote bat egitea proposatu zidan ezagun batek. Harrituta geratu nintzen! Ezezkoa esan nuen. Nagi handia ematen dit, batekin nahikoa komeria ez, eta bi pertsonarekin moldatu behar… ez, eskerrik asko!
Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena? Eta traketsena?
Traketsak bat baino gehiago. Ez da erraza elkar ondo ulertzea eta, bestalde, ni bezalako hanka luze bat kotxe batean ez da erosoa. Gozagarrienak, ondo ezagutzen zaituen eta epaituko ez zaituen jendearekin. Konfiantza eta errespetua ezinbestekoak dira.
Zer da probatzera ausartuko zinatekeen gauzarik bitxiena?
Lagun batek gomendatutako zabu hau probatzeko gogoz nago. Barre asko egingo dudan zalantzarik ez dut!