[SEXUMATOIA] JONKASS: “Trukaketak, hirukoak egitea… denetarik proposatu didate”
Akerbeltz erromeria taldean aritzen da, DJ Bilboko Kafe Antzokian, eta bere bakarkako ibilbideari heldu dio orain Jonkassek (Zornotza, 2001). Parranda giroko kontuen berri eman digu, besteak beste.
Noiz eman zenuen zure lehen musua?
13-14 urterekin, Andaluzian, oporretako azken egunean, gustuko nuen neskarekin. Izarrei begira geundela gertatu zen, oso modu naturalean eta pentsatu gabe.
Inoiz egin al duzu txortan leku publiko batean?
Askotan ez dago beste aukerarik, baina nahiago hala ez izatea. Askotan pentsatu izan dut nire bideoren bat egongo dela, eta Google Maps-eko Street View-an sartu izan naiz begiratzeko.
Zer telesailek jartzen zaitu bero-bero?
TV3eko Merli telesailaren eszena batzuk oso onak ziren. Oso erreala zen!
Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Zergatik ez? Noizko First dates euskalduna? Baina kozinatu gabe, mesedez!
Zer da zita batean inoiz esan edo egin behar ez dena?
"Ohean oso ona naiz" esatea edo zure bikotekide ohia kritikatzea.
Zer da lehen begiratuan erakartzen zaituena?
Gauza txiki asko izaten dira, baina irribarre polit batek asko egiten du.
Zuk ematen al duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Ni izaten naizela esango nuke, baina denetarik gertatu izan zait. Jendea animatu egin behar da! Denoi gustatzen zaigu desiratuak sentitzea. Hori bai, ez izan gogaikarria eta jakin seinaleak irakurtzen.
Kalabazak emateko edo jasotzeko modurik originalena?
Originalena ez dakit, baina ohikoena bikotea daukadala esatea. Okerrena: ghosting egitea... Ez egin hori, ardura emozionala izan!
Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Dantzatzea. Ez naiz dantzari abila, baina konfiantzaz eta ausart jokatu dut.
App-ak edota sare sozialak erabili al dituzu ligatzeko?
Sekula ez. Plazaz plaza ibiltzen gara, jaia da gure Tinderra. Nahiago dut aurrez aurre gertatzen dena. Etxeratzeko orduan partekatuko ditugu Instagram kontuak.
Sare sozialetan DM edo mezu zuzenik bidali al duzu inoiz?
Aurrez aurre elkarrekin egon eta gero, gustuko izanez gero, Instagramen idatzi ohi diot, aurreko eguneko zerbait komentatzeko-edo.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Nahiago jatetxe batera joan, baina, zalantza barik, patata-tortilla urdaiazpikoarekin. Sinplea bezain ona!
Zure lanbideak laguntzen al dizu ligatzen?
Kazetari lanak ez, baina erromeria eta DJ lanak bai. Festarik festa ibiltzen gara, oholtzan ikusten gaituzte eta jendearekin hitz egitea errazten du. Kontzertuaren inguruan zerbait komentatzen dizute, edo kantu bat eskatu, eta hor hasten da jolasa.
Zein pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko 'sex symbol'-a?
Ez dut inor mitifikatzen. Egia da trikitiak baduela erotika: Euskal Herri erdiaren crush-a Josune Arakistain da, Xabi Solano izan zen, Ines Osinaga...
Erromerietan zer kantu izaten da ligatzeko aproposena?
Dantza asko egin ostean, baladaren batekin iristen da lehen musua. Musu asko ikusi ditut Ken 7ren Haizea edo Itsasoa gara kantuekin.
Ligatzeko inoiz eman dizuten gomendiorik onena? Eta txarrena?
Lagun baten esaldi izarra hauxe zen: "Pikatxoia eta pala, maitasunaren meatzariak". Baina ez engainatu, hasieran igartzen da baietza ala ezetza. Onena: “Ausar zaitez, ezetza badaukazu”.
Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Galtzerdiak kendu beti.
Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Nire lehen bikotekidearen aita, etxera iristean, alabaren gelara sartzen zen korrika, obsesioren bat-edo zeukan. Behin etxera lehenago heldu eta alabari deika hasi zen. Hark gelan ez sartzeko erantzun zion, baina atea zabaltzen saiatu zen. Ez zuen lortu eta etxetik alde egin zuen. Ostean, "hitz egin egin behar dugu" idatzi zion. Seguru nago gorroto ninduela, kar-kar-kar.
Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Besteen etxeak deskubritzea gustatzen zait. Norberaren gela mundu desberdina da, eta zer gustatzen zaion ikusten duzu. Badaude asko harritu izan nauten etxeak.
Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Denetarik: trukaketak, hirukoak... Gauzatxoak gertatu dira. Orduko bikotekidearekin larrua jotzen nuen bitartean begira egoteko proposamena egin zidan norbaitek, baina parte hartu gabe oso arraroa iruditu zitzaidan eta ezetz esan genion.
Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena? Eta traketsena?
Pertsona batekin ohean konektatzen duzunean zer ondo pasatzen den! Konfiantzarekin dena da hobea. Traketsena: parrandaren ostean mozkorturik eta ezinean ibiltzea.
Pertsona famaturen baten argazkirik izan al duzu logelako paretan, karpetan ala mugikorreko pantailan jarrita?
Ez, baina izatekotan Raffaella Carrarena, erreferentea, abangoardista, borrokalaria eta kanonak guztiz hautsi zituen emakumea izan zelako.