[SEXUMATOIA] IBAI ROMERO: “Flako Fonki nire senarra da, hark oraindik ez dakien arren”
Dantzertin dantza ikasketak egiten ari da Ibai Romero (Tolosa, 2003), eta TikTok eta YouTuberako edukia ere sortzen du. Horretaz gain, Udaberri Dantza Taldeko kidea ere bada.
Zer telesail edo filmek jartzen zaitu bero-bero?
Merli telesaila etorri zait lehena burura.
Fikziozko zer pertsonaia iruditzen zaizu sexya?
Aurreko galderaren erantzunarekin zerikusia du honek, Pol Rubio esango bainuke. Agian orain uler dezakegu zergatik Merli, kar-kar-kar.
Noiz eman zenuen zure lehen musua? Zer moduzkoa izan zen?
16 urterekin eman nuen. Ez dut askorik gogoratzen, oso urduri nengoela eta berezia izan zela oroitzen dut soilik.
Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Ez, norekin egongo naizen jakitea gustatzen zait, mentalizatuta joateko. Ez zaizkit sorpresak gustatzen!
Zer da zita batean inoiz esan edo egin behar ez dena?
Benetan pentsatzen duzuna esan eta benetan zaren modukoa izan. Kartak hasieratik jarri behar dira mahai gainean, argi erakutsi nor zaren, ez baitugu denbora sobera alferrik galtzen ibiltzeko.
Zerk erakartzen zaitu lehen begiratuan?
Irribarreak, begiradak, ahotsak... Pertsonaren araberakoa izan ohi da, baina orokorrean hori esango nuke.
Zuk ematen al duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Nik? Ezta pentsatu ere, a ze lotsa! Beti zain egoten naiz, agian hori da nire arazo nagusia ligatzeko garaian, kar-kar-kar.
Kalabazak emateko edo jasotzeko modurik originalena?
Ez dago modu originalik nire ustez. Gauzak argi utzi, besteari minik eman gabe, eta ez ibili bestearekin eta bere sentimenduekin jolasean.
Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Ez dakit, ez naiz batere ona ligatzen! Zerbait esatekotan, ni neu izatea eta umorea erabiltzea esango nuke.
Dantzak laguntzen al du ligatzen?
Niri ez, baina jakina da dantza talde askotan maitasun istorio politak sortzen direla taldekideen artean. Ez da nire kasua, kar-karkar. “Perreoak” ligatzen laguntzen duela esango nuke, baita dantza lotuek ere!
App-ak edota sare sozialak erabili al dituzu ligatzeko?
Gaur egun denok erabiltzen ditugula esango nuke, Instagrama bada ere.
Zer pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko ‘sex symbol’-a? Zergatik?
Ez galdetu zergatik, baina Flako Fonki. Nire senarra da, hark oraindik ez dakien arren.
Pertsona famaturen baten argazkirik izan al duzu logelako paretan, karpetan ala mugikorreko pantailan jarrita?
Ez naiz inoiz posterren eta halako gauzen zalea izan, baina oroitzen dut Eskola 2.0 ordenagailuak erabiltzen genituenean, nirean Abraham Mateoren argazkia jarri nuela pantailan, mosaiko formatuan gainera.
Sare sozialetan DM edo mezu zuzenik bidaltzen al duzu ligatzeko?
Ez asko, atsegiteak edota erreakzioak erabiltzen ditut gehiago.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Puf, sukaldatzen ez naiz oso ona, beraz, jatetxe batera gonbidatuko nuke.
Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko? Eta txarrena?
Eman didaten gomendio onena ni neu izateko eta lotsak alde batera uzteko izan da, baita txarrena ere, kar-kar-kar.
Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Ez nuke maniarik dudanik esango, nahiko klasikoa naiz, kar-kar-kar.
Zer gorputz atal ukitzea duzu gustuko?
Lepoa eta ilea esango nituzke, baita bizkarreko masajeak ere.
Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Ez, eta eskerrak!
Zein da zure fantasiarik zoroena?
Faxismoaren, kapitalismoaren eta generoaren desagerpena.
Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Ez dago ohe bat baino leku erosoagorik. Lehen esan dudan bezala, klasikoa naiz.
Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena? Eta baiezkoa eman al zenuen?
Ez didate proposamen oso zororik egin. Bat esatekotan, bere gainean pixa egiteko eskatu zidan batek behin, baina ez nuen egin. Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena? Eta traketsena?
Gustuko nituenekin eta elkar zainduz egindakoak izan dira gozagarrienak. Ez nuke esango oso esperientzia traketsik izan dudanik.
Zer da probatzera ausartuko zinatekeen gauzarik bitxiena? Eta sekula probatuko ez zenukeena?
Nahiko irekia naiz, beraz, proposamenak entzun eta hitz egitea izaten da kontua, baina pixarekin eta kakarekin zerikusia duten gauzak ez nituzke probatuko.
Zer famaturi bidaliko zenioke mezu zuzena?
Nori ez? Kar-kar-kar. Flako Fonkiz gain, Jacob Elordiri adibidez, Zinemaldira edo Markinara bisitan etortzen denean zerbait hartzeko elkarrekin.