SEXUMATOIA: ENERITZ FURYAK
“Beti diot “Katu Voyeur” fanzinea egingo dudala egunen batean”
Eneritz Dueso (Irun, 1993) musikaria, Eneritz Furyak bilakatzen da gitarra batekin eskuan melodia katramilatsu bezain atseginak helarazteko. Beste Alter Egoren bat edukiko al du izaren azpian jarduten denean?
- Zein da zure film erromantiko gogokoena?
Carol (Todd Haynes, 2015) asko gustatu zitzaidan, baina ez dago Gabonetako film erromantiko txarrak biharamunarekin ikustea bezalakorik. - Noiz eman zenuen zure lehen muxua?
Adina ez dut gogoan, baina kuadrillako azkena izan nintzen norbait musukatzen. Azken putz. - Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
Miopea naiz, ez dakit bestela joaten. - Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
“Ez zara beste neskak bezalakoa”. Faborez... - Lehen begiratuan erakartzen zaituen hori?
Misterioak erakartzen nau. Dena ez esateak, lotsak, harroputza ez den jendeak bere burua “interesgarri” gisa azaldu nahi duenean erakutsi ohi duen xalotasunak... - Ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Bost minutuz jarraian isilik egotea. Trikimailu ederra litzateke gustatzen zaidan jendearen inguruan erabiltzen ikasiko banu! - Zita batean, zuk ematen al duzu lehen pausoa, ala nahiago besteak aurrea hartzea?
Aldi berean estropezu egitearen aldekoa naiz. Lehen musua hortzen arteko talka baldarra bilakatzen denean bezala. - Zer menu prestatuko zenuke lehen zita batean?
Menu? Prestatu? Ezin al gara inora afaltzera joan? Zer da, urtarrilaren 1eko gaua? Goizeko 4ak? Iparraldeko belaze galdu bat, 20:00etan? Bardeak? Zergatik gaude hemen ordu honetan? Nondik gatoz? Nora goaz? Zergatik gara hain ergelak? Honek ez du etorkizunik... utikan! Afaldu gabe ohera, eta bakoitza berera. - Argia piztuta ala itzalita?
Piztuta, baina ahal bada apal. - Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko?
“Eneritz, utzi dantzatzeari”. - Eta txarrena?
“Dantzatu”. Hori obsesioa dantzarekin. Utz nazatela bakean. - Etxeko zein txoko da zuretzat onena sexurako?
Ohea. Altzarietan altzaria. - Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Katuek. Eta ez nire katuek bakarrik. Beti diot “Katu Voyeur” fanzinea egingo dudala egunen batean. - Aurreko beroketak; bai ala zuzenean ekintzetara?
Beroketak ere ekintza dira. - Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Txepelena hauxe: autotzar batean eramango nindutela, eta ez dakit zer leku garestitara bazkaltzera eraman, eta ez dakit zer erosi...