[SEXUMATOIA] DANEL SARASUA: “Ligatu dudanean beste pertsonaren meritua izan dela uste dut”

Danel Sarasua (Aretxabaleta, 2001) musikaria Gaztea Cover lehiaketako finalista izan zen, eta sareetan ere ikusiko zenuen kantuan. Bertsioak egitea maite duen arren, bere kantak ere sortu ditu.

Zer telesail edo filmek jartzen zaitu bero-bero?
Élite telesaileko lehen denboraldiak soilik ikusi ditut, baina ikusi dudanak baditu eszena interesgarri batzuk.
Zein pertsona ezagun iruditzen zaizu Euskal Herriko 'sex symbol'-a?
Denok dakigu Andoni Brun dela.

Pertsona famaturen baten argazkirik izan al duzu logelako paretan, karpetan ala mugikorreko pantailan jarrita?
Inoiz ez diot garrantzi berezirik eman logela, karpeta edo ordenagailua apaintzeari, eta inoiz ez dut denborarik hartu pertsona ezagunen argazkiekin betetzeko. Logelan itsatsita izan dudan gauza bakarra Alaves futbol taldearen posterra izan da.
Noiz eman zenuen zure lehen musua?
18 urte bete baino pare bat hilabete lehenago izan zen, herriko jaietan. Ez da errepikatuko nukeen esperientzia bat, baina ez zen bereziki traumatikoa izan.
Joango al zinateke zita batera itsu itsuan?
Ez dut inoiz bizi izan horrelakorik. Nik ez nuke bilatuko, baina lagunen batek antolatuko balit, ez nioke ezetzik esango. Txarrenean, anekdota bat geratuko litzaidake behintzat.
Zer da zita batean inoiz esan edo egin behar ez dena?
Eskuin alderdiko diskurtsoa partekatu.
Zer da lehen begiratuan segituan erakartzen zaituena?
Orokorrean aurpegia da gehien erakartzen nauena. Zehatzagoa izanda, begiradak eta irribarreak. Aurpegi polit batek beste guztia are politago egiten du.
Zuk ematen al duzu lehen pausoa ala zain egoten zara?
Egia esan ziurtasun-gabeziak sortzen zaizkit konfiantza gutxi dudan pertsonekin, eta gehienetan kosta egiten zait lehen pausoa ematea.
Zein da ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Ez dakit ligatzen. Ligatu dudanean beste pertsonaren meritua izan dela uste dut. App-ak edota sare sozialak erabili al dituzu ligatzeko? Instagram.

Zein famaturi bidaliko zenioke DM edo mezu zuzena?
Irati Marin aktoreari agian.
Sare sozialetan DM edo mezu zuzenak bidaltzen al dituzu ligatzeko?
Instagram erabili izan dut arreta eman didan norbait tanteatzeko, amankomunean dugun gai baten inguruan igotako story bati erantzunez agian. Halere, ligatzeko asmorik gabe ere hitz egin izan dut jendearekin, besterik gabe “bibra onak” eman dizkidatelako.
Zer da sare edo aplikazio bidez ligatzerakoan gertatu zaizun gauzarik bitxiena?
Ez da zehazki ligatzerakoan gertatutako zerbait, baina eskatu gabeko argazki eta mezu deserosoak jaso izan ditut.
Zer menu prestatuko zenuke zita baterako?
Agian bazkari normaltxo bat prestatuko nuke, pikantea ziurrenik. Eta postrerako intxaurdun bizkotxo goxo bat egingo nuke.
Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko? Eta txarrena?
Gomendiorik onena ligatzeko helburuz ez ateratzea da, ongi pasatzeko asmoz irtetea. Gainera, horrela ez zara urduri eta estu jartzen, eta hori igarri egiten da. Ez dut gomendio txarrik gogoan.
Maniarik ba al duzu oheratzerakoan?
Uste dut nahiko sinplea naizela zentzu horretan.
Zer gorputzeko atal ukitzea duzu gustuko?
Sabel ingurua eta lepoa.
Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
Nik dakidala ez, eta hala balitz ez nuke jakin nahiko. Hau lotsa!
Inoiz egin al duzu txortan leku publiko batean?
Gauez edo jende gutxi dabilen lekuan baliteke.
Larrutan egin duzun lekurik gogokoena?
Noizean behin leku berriak probatu behar dira, baina erosoena beti ohea izaten da.

Jostailu erotikoak erabiltzea gustuko al duzu?
Nik niretzat ez dut sekula erabili, baina nire bikotekidearekin erabiltzea eta partekatzea zergatik ez?
Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
Mezu baten bitartez, hirukote batean parte hartzea eskaini zidan bikote batek. Ez nuen baiezkorik eman.
Sexuan izan duzun esperientziarik gozagarriena? Eta traketsena?
Traketsena, leku publiko batean erdizka geratu zen esperientzia bat. Ez nuke gozagarriena aukeratzen jakingo, baina onenak beti batak bestea eta elkarren gustuak ondo ezagutzerakoan gertatu dira.
Fikziozko zer pertsonaia iruditzen zaizu sexya?
Ez naiz oso originala izango, baina Harry Potterren filmeetako Hermione eta Gose Jokoak filmeko Katniss Everdeen oso erakargarriak iruditu izan zaizkit gaztetxoa nintzenetik.