Sexuaren komertzializazioak aurkitu dituen bide berriak aztertuko dituzte 'Ur Handitan' saioan
'Sexua 3.0' izeneko atalean online plataformez, helduentzako edukiez, porno bigunaz eta sexuaren komertzializazioaren fenomenoaz arituko dira gaur gaueko atalean.
Gaur abiatuko da Xabier Madariagak aurkeztutako Ur handitan saioaren zortzigarren denboraldia. Ohiko moduan, elkarrizketak, hausnarketak eta lekukotzak izango dira saioan, baina oraingoan ikus-entzuleek sare sozialen bitartez proposatutako gaiak jorratuko dituzte.
Gaurko atalaren izenburua Sexua 3.0 izango da, eta bertan sexuaren komertzializazioak aurkitu dituen bide berriak aztertuko dituzte: online plataformak, helduentzako edukiak, porno biguna... Honela azaldu dute atalaren nondik norakoa: "Onlyfans, Loverfans, Justforfans, Darkfans… egunetik egunera zerrenda luzeagoa da. Gazteenen artean eskura erraza, erakargarria eta tentagarria da guztiz; eta helduagoenen artean, berriz, ezezaguna. Zerk lotzen ditu erabiltzaileak? Zer eduki sortzen dira? Norentzat? Zergatik? Zer eragin izan dezake honek guztiak gazteenengan?".
Gaian sakontzeko zenbait euskal sortzaile eta aditurekin elkartuko da Madariaga. Aitor izeneko 25 urteko gaztea argazkigintza erotikoan aritzen da. Ixone 27 urteko gazteak hilabete batzuk eman zituen eduki erotikoa sortzen, baina mundu horretatik irtetea erabaki zuen. Sexuaren estigma sozialak, emakumearen kosifikazioaren, plataformaren zentsura mugen eta jasandako jazarpenen inguruan arituko da. Fetitxismora bideratutako plataformetara jo zuen emakumea ere agertuko da, eta Ainara informatikari eta hezitzaileak plataforma horien barne-estrategien berri emango du. Aztarna digitala dela-eta, plataformek duten irudi eskubideen politikaz ere jardungo du. Azkenik, Noa Emargi taldeko gizarte hezitzaileak kritika feminista egingo du eta sexu-kosifikazioaz, ahalduntze faltsuaz eta prostituzioari jarraikortasuna ematen dioten modu berriez hitz egingo du.
Gaurko atala 22:30etik aurrera ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.