Sexua erlojuaren menpe

Noiz nahiago dugu sexua egin? Eta noiz egiten dugu benetan? Zein urtarotan dugu sexurako gogo gehiago?


Tik-tak, tik-tak, tik-tak… Hona hemen erloju nazkagarriaren diktaduraren soinu petrala. "Berandu noa", "Ez dut hau edo beste hura egiteko astirik", "20.00ak arte ezin dut"… Gutxi batzuek baino ez diete denboraren orratzei ihes egiten. Gure bizitza erloju erroldaia da, eta orratzek sexua ere noiz egin behar dugun esaten digute. Zoritxarrez!  

Noiz egiten da, gehienbat, sexua? Gauez. Zinezaleak bazarete,  konturatuko zineten filmetako larru jotze "zoragarriegiak" gauez egiten direla batik bat. Eta egia da; jende gehienak nahiago ditu sexu harremanak gauez izan. Halaxe dio, behintzat, orrialdeotan jasotako inkestak. Baina inkesta horren arabera, "gauzaleak" adina dira, ia-ia, beste une batzuetan sexua egin nahi dutenak. Kontua da askok eta askok gauez baino ez dutela astia: bazkalostean eta lantokira korrika abiatu baino lehen di-da egin behar al da? Edo klase artean, bestela? Momentuotan egiteko aukera badago, noski, baina erlojuaren diktaduraren menpe, askok nahiago dute sexu saioak gauetara mugatu.

Goizez
Aitzitik, gaua ez da sexu jolasei ekiteko unerik egokiena. Egun osoa lanean edo liburuartean pasatu ondoren, jendea nekatuta egoten da edo bestela, logurea izaten du. Gizakion ziklo biologikak ikertu dituzten hainbat adituren arabera, goiza da sexua egiteko unerik onena. Adituok diotenez, sexu nahia pizten duten hormonek –testosterona gizonezkoetan eta estrogenoak emakumezkoetan- gailurra jotzen dute 07.00etatik 12.00etara bitartean, eta 18.00etatik aurrera, berriz, beheraka hasten dira. Lo egin ondoren, bestalde, gorputza indarberrituta dago. Hortaz, badakizue, goizeko lehen orduak dira sexurako momenturik egokiena. Baina… nor dago goizago esnatzeko prest? Adituek diotenari erreparatuta, oso jende gutxi. Hau marka! 

Erlojuaren botere ahalguztidunak, hala ere, baditu bestelako ondorioak. Izan ere, teorian, sexua berdin-berdin egin liteke astelehenean edo larunbatean, ezta? Are gehiago: "astelehen" gogor horietako bat jasan ondoren, ba al da sexu saio gozagarri bat baino ezer hoberik? Teoriak, baina, ez du zerikusirik -berriro ere- errealitatearekin. Sexologoek diotenez, gaur egun, sexu harremanak asteburuetara eta opor edo jai egunetara mugatuta daude. Ostegunetan ere gora egiten omen dute. Gainontzekoan, ezer gutxi. Lan egin beharra, etxeko lanak eta bestelako ardurak sexuaren etsai porrokatuak dira. Horregatik, betebehar horiek denak murriztu egiten direnean, astia dugunean, asteburuetan esaterako, sexu harreman gehiago izaten ditu jendeak. Tik-tak, tik-tak, tik-tak… erloju madarikatua pikutara bidaltzeko aukera izango bagenu!

Urria aldera jo ta fuego



Zenbait adituren hitzetan, sexua egiteko garairik onena uda bukaera eta udazken hasiera izan ohi da. Antza, urtaroek eragin handia dute gizonaren gogoan, eta esaterako, neguan sexurako grinak behera egiten du. Emakumeengan, aldiz, ez dute hainbesteko eraginik. Beraz, aste hauek primerakoak izan daitezke. Hala ere, ba al da sexu jolasetan aritzeko urtaro txarrik?