Sexu segururik ez Hollywooden
Film gehienetan, protagonistek ez dute babesik erabiltzen dutela erakusten sexu harremanak dituzten eszenatan.
Sexua erretratatzeko moduak Hollywoodeko filmen gainditu gabeko gaia dira oraindik. Minutu eskaseko harremanak islatu ohi dituzte, ia aurreko beroketarik gabekoak, eta beti gizonaren eiakulazioarekin amaitzen direnak. Horrekin batera, egungo film eta telesail ezagunenek badute beste akats nabarmen bat; ez dute kondoirik edota bestelako babes motarik erabiltzen inoiz.
Hain zuzen, duela gutxi HBOren Insecure telesailak mota honetako kritikak jaso ditu, bertan ohikoak baitira sexu eszenak, baina ez dute sekula kondoirik erakusten. Gidoilarien esanetan, halako eszenatan jakintzat ematen dute sexu segurua praktikatzen ari direla; hainbat zuzendari hasi dira planoan kondoien bilgarriak txertatzen ere.
Dena den, 2005ean Australiako ikertzaile talde batek azken urteetako 200 film arrakastatsuenak aztertu ondoren, ondorioztatu zuten filmen %98ak ez duela preserbatibo edota hiesaren inguruan erreferentziarik egiten. Soilik film bat aipatu zuten; Pretty Woman (1990), non, eszena batean, Julia Roberts aktoreak koloretako kondoiak ateratzen dituen, Richard Gerek bat aukeratu dezan.
Film zuzendarien erantzuna argia da; inork ez du preserbatiborik ikusi nahi sexu fantasia batean. Hortxe dago, hain zuzen, eztabaida; batzuen ustetan, jendeak ez du egunerokotasunean egin behar duten hori ikusi nahi film batean, eta besteen iritziz, pantailak badu ikusleekiko ardura.
Halere, bada genero bat non preserbatiboak etengabe ateratzen diren; komedia. Horrek ez du esan nahi beti modu egokian erabiltzen direnik, baina antisorgailu hauen erabilera modu naturalean erakusten ia bakarra izan da genero hau.