Sexu orientazioa ez da betirako berdina
Bizitzaren etapak aurrera doan heinean, sexu joerak aldatu egin daitezke.
80 egunean filmean, bi emakumek bizitzaren heldutasunean hasten dute amodio istorioa; batak lesbiana zela ondo zekien, baina besteak "berandu" deskubritzen du. Uste baino ohikoagoa da. Hain zuzen, The Journal of Sex Research aldizkariak argitaratutako ikerketa batek dioenez, sexu orientazioa ez da betirako berdina; aldatzen joan daiteke.
Ikerketak dio heterosexual, bisexual ala homosexual etiketak labur gelditzen direla, eta sexu orientazioak ez duela bertan bat egiten; aldagarria da, hainbat faktoreren arabera alde batera ala bestera egin dezakeena. Ikerketak dio gainera gizonak orokorrean gehiago finkatzen direla etiketa horien barruan, eta emakumeak aldiz ez direla horren zurrun mugatzen. Azkenik, ikerlariek ondorioztatu dute adinean aurrera egin ahala aldaketa horiek gehiago gertatzen direla.
Etiketak ezabatu beharko lirateke orduan? Alde batetik, eroso sentiarazten gaituzte, talde bateko kide garen sentsazioa ematen dute. Alta, etiketek mugak ezartzen dituzte, eta zaila da muga horietatik ateratzea. Argi dagoena hauxe da; errealitatea ez da ez beltza ez zuria.
Eta zergatik dute emakumeek muga horiek igarotzeko erraztasun handiagoa? Dena jasotzen dugun heziketarekin lotuta dago. Hala, orokorrean emakumeak askeago sentitzen dira beren sentipenak elkarbanatu eta sexualtasuna exploratzeko; aldiz, gizon heterosexualei ezarritako maskulinitate zurrunak zail egiten die etiketa horiek alboratu eta gauza berriak probatzea.