Sexu erasorik ez
Mutil koadrila bat ostatuan. Parrandan dabiltza eta batzuk txispatuta daude. Barre algarak. Haietako batek ondokoari esan dio: "baietz neska horri ipurdia ukitu!". Besteak ezetz, gure "protagonista" neskarengana hurbildu da eta ipurdia "laztandu" dio. Hori balentria! Eta
neskari, ongi iruditu al zaio?
Honelako portaerak ez dira hain arraroak izaten, batez ere parranda gauetan, eta neskek gaizki pasatu ohi dute. Adibide hau jartzea ez da kasualitate hutsa, normalean neskek jasan behar izaten baituzte mutilen "laztanak", "bromak"
Biki Arizaleta gai hau ikertu duen feminista na-farraren esanetan, sexu erasoak eta eraso sexistak ezberdindu behar dira. Ukipena egonez gero, se-xu erasoa da: ipurdia ukitzea, eskua sartzea "Gazteen artean, ordea, eraso sexistak daude zabalduen, batik bat, hizkerarekin lotutakoak", dio Bikik. Feminista nafarrak zenbait adibide jarri dizkigu: "putita", "ez du hau edo beste hura egiteko potrorik"
Agurtzane Ormaza sexologo bakiotarrak ere bere iritzia eman digu: "sexu erasoa inoren borondatearen aurkako jokaera erotikotzat hartu ohi da". Izan ere, bromaren edo laztanaren eta erasoaren arteko muga hortxe dago, borondatean, alegia. Beraz, neska batek mutil bati gorputza berearekin igurtzen uzten badio, hor ez dago inongo erasorik.
Dena den, "muga oso estua da eta jokaera batzuk eraso diren ala ez esatea ez da hain erraza. Norbaiti taberna batean ipurdia ukitzen badiote, pertsona horrek zer sentitu duen kontuan hartu behar da eta baita besteak zein asmorekin egin duen ere", dio Agurtzanek. Sexologoa kezkatuta dago gai honekin eta esan digunez, ez genuke beste muturrera jo beharko eta dena erasotzat hartu: "begira zer gertatzen ari den Ameriketako Estatu Batuetan. Hango emakume batek behin esan zidan alaba bainatzerakoan, alua garbitzerakoan, beldurrez ibiltzen zela laztantzeko, igurtzeko Beldur zen alabak eskolan zerbait esanez gero, irakasleek zer pentsatuko ote zuten!". Horrexegatik, heziketa landu behar da: "neskegaz ligatzeko ipurdia ukitzea baino ez dakien mutil batek ikasi behar du modu ugari daudela adierazteko zer gura duen: berbaz, gorputzaz, begiradaz Eta neskek ere irakatsi behar diegu mutilei zer gustatzen zaigun eta zer ez, ikasi behar dugu 'hau bai' eta 'hau ez' esaten, askotan 'hau ez' baino ez baitakigu esaten. Ez da erraza asmatzea, hala ere ".
Gazteak ere berdintsu
Kontuak kontu, argi dago mutil batzuek ez dutela portaera egokia neskekin. Bai Biki, bai Agurtzane bat datoz mota honetako "balentriak" parrandan, koadrilaren babespean, alkoholaren edo bestelako drogen eraginpean egiten direla askotan. Jakina, neskak gero beldurrez ibiltzen dira. "Asteburuetan, zenbait ostatutan, ordu txikietan, mutilak baino ez daude. Neska koadrilaren bat ikusten baduzu, denak batera egoten dira, pilatuta. Eta neska bat, ostaturen batean pare bat alditan mutilekin zerbait txarra izan badu, ez da hara berriro itzuliko. Neskek, horrelakoetan, askatasuna eta lasaitasuna galtzen dute", dio Bikik.
Tamalez, hauek ez dira atzo goizeko kontuak. Gure solaskideen arabera, egungo gazteen artean ez dago aldaketa handirik, ez onerako, ezta txarrerako ere. "Gai honetaz orain gehiago hitz egiten ari da eta beraz, honelako portaera gehiago daudela dirudi. Ez dut uste, dena den, aldaketarik dagoenik. Hori bai, gaur egun neska batzuek ere, ligatzeko, mutilei ipurdia ukitzen diete. Kontua da mutilek hobeto onartu ohi dutela", adierazi digu Agurtzanek. Bikik dioenez, bestalde, 24 urtetik gorakoen artean jokaera sexistak murriztu diren arren, "gaztetxo asko berdin datoz eta esaterako, hizkera sexista erabiltzen dute maiz".
Egunero salaketa bat
Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 300 bat salaketa egiten dira, sexu erasoak direla eta. Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako daturik ez dugu biltzerik izan, baina ziur asko, datu guztiak jasoz gero, kopuru kezkagarrira iritsiko ginateke: Euskal Herrian egunero sexu eraso bat salatzen da. Kontua askoz larriagoa da, ordea. Izan ere, zenbait emakume talderen arabera, erasoen %10 eta %25 bitarte baino ez da salatzen. Egin kontu.