Sen: poesiak baretutako sena
Esperientzia handiko hiru musikarik osatzen dute Sen taldea: Aitor Uriarte (Latzen taldeko kantari ohia), Haritz Harreguy (Larrua Truk-etik dator) eta Aiheko Zubimendi (Mixil). Usurbil dute bilduleku eta oraintsu kaleratu dute lehen diskoa. Haritzekin aritu gara solasean, diskoko kantu guztien egilea.
Aitor Latzen taldean aritu zen. Aiheko, Mixil taldetik dator. Zuk, berriz, Larrua Truk-en jardun zenuen. Nolatan elkartu zineten?
1999 hasieran sortu zen taldea. Ni garai hartan Latzen-en teknikari lanetan ari nintzen, eta baita Elkarreko estudioetan ere. Inolako presarik gabe kantu batzuk ateratzen hasi nintzen. Latzen desagertu eta sei hilabetera edo, elkarrekin hasi ginen.
Zuen aurreko taldeetan nahiko musika gogorra egiten zenuten. Sen, ordea, ia guztiz poperoa da.
Musika gogorra egiteak jada ez nau erakartzen. Diskoko abestiak ateratzen hasi nintzenean lanez gainezka nengoen, triste antzean. Lokalean poesia irakurtzeko joera hartu nuen, eta musika egiteko garaian ere oso gauza arpegiatuak hasi ziren ateratzen. Bolada hartan atera zen disko hau, eta beraz horrexegatik izan dezake kutsu hori.
Orokorrean tonu ilun samarra du diskoak, ezta?
Musika tresnetan normala baino tonu bat beherago aritu gara. Ahotsetan ere, Euskal Herrian koroak goitik egiteko joera dagoen arren, guk guztiak behetik egin ditugu. Hammond organua erabili dugu, soka lodiak Bestalde, diskoan ez da musika tresna bat bera ere nabarmentzen, moldaketaren bat gehienez ere. Dena osotasun bat da, ahotsa tartean; hor bai, hor melodia politak ateratzen ahalegindu gara.
Joxean Artzeren poesiak musikatu dituzu. Zer aurkitu duzu olerki horietan?
Gauza asko. Abestiok egin nituen garaian, eguneroko errealitatea eta poesietan irakurtzen ari nintzena alderatzen nuen. Kanpoko errealitatea oso gogorra egiten zitzaidan: telebistako berriak, gerra mordo bat, filme bortitzak, merkataritza guneak han eta hemen Poesiak baretu egiten ninduen, eta konturatu nintzen mundu honetan dena ez dela txarra. Euskal Herriko musika taldeek joera handia izan dute beti errealitate sozio-politikoaz hitz egiteko, eta guk gure barrenera begiratu nahi izan dugu. Nahiz eta abesti garratzak diruditen, finean baikorrak dira.
Zuzenekoan hasiko zarete orain
Datozen asteetan hamar bat kontzertu ditugu, beraz buru belarri ari gara, ia egunero entseiatzen. Leku askotatik ari zaizkigu deika.