'Semea pixka bat motelago dabil soilik' antzezlana estreinatuko dute bihar Arriaga antzokian

Familiako kideak zaintzen dituen emakume baten inguruko obra da, eta, gaixotasun bat dela medio, mugikortasuna galtzen ari den semearen urtebetetzea ospatuko dute.

Ttanttaka Teatroak obra berri bat estreinatuko du asteburu honetan Bilboko Arriaga antzokian. Ivor Martinić kroaziarrak sortu eta hainbat sari jasotako antzezlana taularatuko dute euskaraz bihar, hilak 14, 19:30ean. Hurrengo bi egunetan gaztelaniazko bertsioa izango da ikusgai.

Antzezlanak Miaren istorioa kontatzen du, bere etxeko eguneroko bizitzan ezinbestekoa den emakumea. Bere deabruen aurka borrokatzen du, ama, aita, alaba eta senar “disidente” bat zaintzen dituen bitartean. Branko bere semearengan jartzen du arreta handiena, pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izen gabeko gaixotasun bat baitu. Brankok 25 urte bete ditu, eta bere familia “akastunak” festa bat prestatu dio. Abiapuntu horrekin, hainbat gai jorratzen ditu obrak: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna... 

 

Aizpea Goenagak egin du obraren itzulpena, Nikolina Židek-en itzulpenean oinarrituta, eta Fernando Bernues arduratu da zuzendaritzaz eta espazio eszenikoaz. Aktore ugari izango dira oholtza gainean: Miren Arrieta, Ane Gabarain / Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Ander Iruretagoiena, Dorleta Urretabizkaia, Xabi Jabato Lopez, Maria Redondo, Martxelo Rubio eta Jose Ramon Soroiz. 

Estreinaldiaren ondoren, hainbat emanaldi egingo dituzte euskaraz: urtarrilaren 22an Lasarten, urtarrilaren 27an Santurtzin, urtarrilaren 29an Berrizen, urtarrilaren 30ean Oñatin, otsailaren 4an Ordizian, otsailaren 5ean Amorebietan, otsailaren 6an Durangon, otsailaren 11n Elorrion, otsailaren 12an Getxon, otsailaren 18an Ermuan, martxoaren 5ean Azkoitian, martxoaren 23an Gasteizen, apirilaren 3an Arrasaten eta apirilaren 22an Elgoibarren.