Seguran izango da Udalerri Euskaldunen Eguna

'Euskara aiden!' lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa maiatzean.

Duela bi urte egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna, baina atzeratu egin behar izan zen pandemia zela eta. Azkenean, maiatzaren 14an elkartuko dira, eta aldarrikapenerako eta festarako abagunea izango da Seguran. Hala, "arnasguneek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu eta elkarlanean bidea egiten" jarraitzeko hauspoa emango die topaketak. UEMAk gogorarazi duenez, bertako kide diren herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. 

Egun osorako egitarau zabala prestatuko dute, eta ohi bezala, UEMAren batzar nagusia ere egingo dute. Horrez gain, bazkari herrikoia ere izango da egitarauaren barruan, Segurako Iparra-Hegoa elkartearen eskutik. Hemezortzi euroan izango da helduentzako txartela, eta sei euroan haurrena. Lekua hartzeko administrazioa@uema.eus helbidera idatzi behar da. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa behar izanez gero, mezuan aipatzeko eskatu dute. 

Euskararen erabilera erronka
Martxoan kale-erabilera datuak aurkeztu ziren eta UEMAK nabarmendu zuenez, "euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat".

Datuen arabera, mantendu egin da euskararen kaleko erabilera azken urteetan, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin du. "Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak. Horiek babestu eta garatzea hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat izan behar da", azaldu du UEMAk.