Seaskak martxan du kolegio berri bat eraikitzeko dirulaguntza kanpaina

Datozen urteetan Seaskako ikasleen kopurua %30 haziko dela aurreikusten dute eta, eskari horri erantzuteko, bosgarren kolegioa izatea beharrezkotzat jo dute. Berau eraikitzen hasteko, 300.000 euro lortzeko Boga deituriko kanpaina abiatu dute Herri Urratsen bidez. Oraingoz, 45.000 euro inguru bildu dituzte. 

Ohitura da maiatzaren bigarren igandean jende andana biltzea Senpereko laku inguruan, baina pandemiak ezinezko egin du azken bi aldietan Herri Urrats ohiko moduan egitea. Iaz bertan behera geratu zen, eta aurtengoan 30 ospakizun txiki egin dituzte; ikastola bakoitzak bere jaialdia antolatu du eta atzo elkartu ziren tokian toki festa egiteko, helburua zein duten ahaztu gabe, noski. Izan ere, Lartzabale, Kanbo, Baiona eta Ziburuko kolegioez gain, beste bat sortzea da asmoa. Horretan laguntzeko, hala nahi duen orok, diru-ekarpena egin dezake Boga kanpainaren atarian eta teila, leiho edota eraikuntzaren bestelako zati bat babestu.