Schuberten 'Amaitu gabeko Sinfonia', mugikorrez amaitua

Huaweik algoritmo bat erabili du konpositorearen 8, sinfonia amaitzeko; sarean polemika sortu du.

Makina batek ba ote du sormen gaitasuna? Artea, musika edota literatura egin dezake? Galdera horri baiezkoarekin erantzuten saiatu da Huawei enpresa txinatarra. Horretarako, Franz Schubert konpositorearen 8. sinfonia edo Amaitu gabeko sinfonia hartu, eta algoritmo batekin hornitutako mugikorra erabili du obra amaitzeko.

Schubertek bederatzi sinfonia idatzi zituen, baina ez zuen sekula amaitu 8. hori. 31 urterekin hil zen, sekulako ondorengotza musikala utziz. Hain zuzen, amaitu gabeko sinfonia hori da musikariaren obra ezagun eta interpretatuena. Horregatik, sekulako polemika sortu du Huaweiren proposamenak; askoren ustetan, obra dagoen bezala utzi behar da, hala utzi zuelako bere sortzaileak. Bestalde, gehienek ezbaian jarri dute makina baten sortzeko gaitasuna.

Nola da posible Huaweik algoritmo batekin hornitutako mugikor bat erabilita sinfonia amaitzeko gai izana? Prozesua ez da horren sinplea izan; alde batetik, obraren tonua, tinbrea eta mugimendua aztertu dituzte, eta ondoren, Lucas Cantor konposatzailearen laguntzarekin, Schubertek bilatu zezakeen melodia bilatu dute. Ez da beraz mugikorraren "magia" izan soilik.

Proposamenaren aurkakoen esanetan, algoritmoek estatistika eta probabilitateak maneiatzen dituzte, eta gizakiaren sormen gaitasunak ez du horrela funtzionatzen. Atzean gelditzen dira pertsonen psikologia, erroreak, bizipenak, originaltasuna, sentipenak, sorpresak, azken orduko aldaketak... guzti hori sormen lanaren ezinbesteko zatia da, makina batek egin ez dezakeena.

Eta zer diote aldekoek? Bada argi dute publizitatea lortzeko saiakera hutsa dela, baina begi onez ikusten dute musika klasikoaren eta teknologiaren arteko elkarkidetza. Eta zuentzat, ideia ona ote da?