Scarlett Johansson: Lolita independentea
Polita da, baina ez du Hollywoodek saldu ohi dizkigun panpin silikonatsuekin zerikusirik. Zinema industriak ezarritako edertasun kanonetik nahikoa urrun baitago Scarlett Johansson ilehoria. Neurriz txikia da, sudurra irten xamarra du eta, ezpainak, berriz, haragitsuak. Gardena eta eztia du, ostera, begiradada. Eta iradokitzailea zaigu oso bere ahots urratua. Ez da ohiko zinema izarra, zinez. Ezberdina da. Berezia. Eta berezitasun horretan datza, hain zuzen, bere erakarmena. Bere edertasun malenkoniatsua.
Iragarki bat egiteko casting batera eraman zuen amak zazpi urte baino ez zituenean. Ez zuten aukeratu, ordea. Eta, noski, negar batean itzuli zen etxera Scarlett txikia. Alabatxoak aktore izan nahi zuela ikusita, Lee Strasberg antzerki-eskola entzutetsuan sartu zuten gurasoek. Handik lasterrera, "Sophistry" antzezlan independentean aritu zen. Bertan, Ethan Hawke aktore ezagunarekin egin zuen topo oholtza gainean Scarlett hasiberriak.
Rob Reiner zinemagilearen "North" bitxia izan zen Scarlett finaren estreinako filma. Bi urte geroago, 1996an, mundu guztia ahoa bete hortz utzi zuen "Manny & Lo" filmean egindako lan apartarekin. Interpretazio hura zela-eta, Independent Spirit Awards sarietarako ere izendatu zuten. Ezagun egin zuen filma, ordea, Robert Redford zinemagilearen "The Horse Whisperer" drama erromantikoa izan zen. Istripu batean zangoa galdu ostean, bizitzari arrenkuraz so egiten zion nerabearen rola jokatu zuen film hartan Scarlettek.
Erdietsitako fama nerabeei zuzendutako krispeta-film errentagarriak eginez agortu ordez, zinema independentean murgildu zen buru-belarri. Hala, besteak beste, "Ghost World" bezalako kultuko filmak egin zituen. Coen anaiek Billy Bob Thornton liluratzen zuen Lolita "indie" erakargarria bihurtu zuten "The Man Who Wasn´t There" dotorean. Arrakasta eman dion filma, baina, Sofia Coppolaren "Lost in Translation" komedia gazi-geza izan da, ezbairik gabe. Johannes Vermeer pintorearen perlatxoak etorkizun handiko aktore izateari utzi zion aspaldi. Benetako izar bilakatu baita dagoeneko Scarlett Johansson.
Nortasun Agiria:
Izena: Scarlett Johansson
Jaioteguna: 1984-XI-22
Jaiolekua: New York (AEB)
Mutil-laguna: Ez du
Aktorerik kuttunena: Lehen, Patrick Swayze. Orain, Bill Murray
Musikari gustukoenak: Neil Young, Elvis Costello eta Will Smith
Moda diseinatzaile gogokoena: Prada
Film bat: "Morte a Venezia" (Luchino Visconti)
Auto bat: BMW Z4 Roadster
Film bat: "Gone with the Wind". Protagonistaren izena jarri zioten.
Bizio bat: Gazta jatea
Bertute bat: Oso argia da