Satisfyer: Horrenbesterainokoa al da?

Emakumeen zirkuluan ahoz aho pasa den jostailu sexual izatetik, denen ahotan egotera igaro da Satisfyer. Badakigu ordea, zerbait edo norbait famatu egitean aldekoak bezain kontrako ugari ere azaltzen zaizkiola. Zer diote kontrako ahots horiek?

Oraindik norbait enteratu ez bada ere, jostailu erotiko honek klitoria estimulatuz minutu gutxitan lortzen du plazer botoi hau duten pertsonak orgasmora eramatea. Jostailu hau ez dago penetraziorako pentsatua eta hor dago gakoa. Ahotxo leun ergonomiko bat du klitoriaren buruan jartzeko. Xurgatzeko moduko sentsazioa sortzen du, kolpetxo batzuen modukoak emanez.

Bertsiorik modernoenek uhin sonikoak erabiltzen dituzten klitoriaz gain, bagina barnekoa estimulatzeko. Klitorian estimulazio zuzena ematen denez orgasmoa azkarrago lortzen da eta intentsuagoa da sentsazioa. Gauza jakina da, baginako organo txiki horri lotuta dagoela plazer femeninoa, beraz, ez da harritzekoa gailu honen arrakasta.

Lehen begiratuan abantailak besterik ez ditu. Sare sozialetan ezagutzera eman zenetik eta baita komunikabideei esker, denda erotikoak sekulako iraultza bizitzen ari dira. Salmentan izugarri hazi dira eta Satisfyer agortu da leku askotan. Hala eta guztiz ere, jostailu honen inbasioa ez dute guztiek begi onez ikusten.

Denda erotikoetakoek argi dute: Denei ez zaizkigu gauza berdinak gustatzen. Aipatu dutenez, orokorrean kontsumitzaileei asko gustatu zaie, ohituta ez dauden orgasmoak bizitzen dituztelako berarekin, edota bi minututan orgasmo anitzak lortu dituztela. Bestalde ordea, bada gustatu ez zaionik ere, orgasmo azkarregi eta intentsuegia irizten baitiote. Argi dago, bati funtzionatzen dionak ez diola zertan besteari funtzionatu.

Alta, Satisfyeren inguruko eztabaida ez da bere mekanismoari buruz edo kontsumitzaileek hautemandakoari buruz, baizik eta eztabaida orokorrago bat sortu da auzi ezberdinak mahai gainean jarriz. Komunikabide askok aldarrikatu dituzte jostailu honen onurak, baina beste hainbat iritzi artikulu argitaratu dira plazer femeninoaren merkantilizazioren inguruan mintzatzen edo orgasmo azkarren inguruan hausnartzen, janari azkarrarekin alderatuz. Errez nahi dut eta orain nahi dut, ez baitut denbora gehiagorik. Errealitate tristea.

"Bi minututan orgasmoa" eslogana izan da hain zuzen kritikatuena. Ulertu behar da klitoria duten pertsona guztiak ez direla hain erraz iristen orgasmora, azken finean osagai emozionala baitago tartean, ez bakarrik estimulazioa. Horretaz gain, badira orgasmo anitzak lortzen dituzten emakumeak, eta beraz hasierako askatze horretarako bakarrik ez da erabilgarria, baizik eta pertsona bakoitzak behar duen denboran eta nahi duen bezala erabili dezake.

Sexuan, bizitzako beste arloetan bezala, etapak daude. Horrela, garai batzuetan bi minutuko orgasmoak nahiago izaten dira eta beste batzuetan bi minutu hasiera besterik ez da. Aldatzea da gakoa asperduran ez erortzeko.

Beste batzuk kritikatzen dutena da orgasmoa produktu hain zehatz bati lotzea da, emakumezkoek inoiz orgasmo intentsuak eduki ez balituzte bezala. Badirudi klitoridun pertsonak benetan gozatu nahi badu diru gastu bat burutu beharra duela, autoezagutzaren alde apustua egin beharrean.

Badirudi Amerika deskubritu dela honekin, baina orgasmoa errazten duten jostailu erotikoak historiaurretik existitzen dira. Hauek objektu komertzial izatera XX. mende hasieran igaro ziren. Beraz, ez da lehen aldia, orgasmo femeninoa aitzakia harturik, dirua eskuratzeko modua izatea jostailu erotiko bat. Halere, Satisfyer etsai bezala ikustea ez kontua, alternatiba bezala ikustea da kontua, beste aukera askoren artean.

Alabaina, Satisfayerrak beste jostailuek baino gehiago molestatzen badu, bere estimulazioak zakilarekin zerikusirik ez duelako da. Ezin zaio kontsolatzaile deitu, ez baitu falorik ordezkatzen, eta horrek sexu tradizionalaren zimenduak mugitzen ditu. Klitorian espezializatutako jostailuek protagonismoa ematen diote organo horri, orgasmo baginalaren mitoarekin hautsiz.

Gizonezko asko animatu badira ere euren bikoteei jostailu hau oparitzera, edo honen arrakastaren harira klitoriaren estimulazioaren inguruan ikertzera, beste batzuk kikildu egin dira eta irainduak sentitu dira. Hortik datoz Satisfyer-en inguruko memeak jaiotza tasa baxuaren errua egotziz.

Feminismo kutsu duen guztia errezeloz begiratzen den garai hauetan, batzuk uste dute Satisfyerra gizon eta emakumak oraindik eta gehiago banatzera etorri dela, gizonei plazer femeninoan duten protagonismoa erauziz. Badirudi iritzi hau duten gizonezkoek jakin berri dutela masturbazio femeninoaren existentzia, izan jostailuarekin edo hatzekin. Betidanik emakumea gai izan da orgasmora iristeko zakilik gabe ere, ez da gauza berria.

Satisfyer-ek besterik gabe ikusgarriago egin du lehendik ere existitzen zen errealitate bat. Satisfyerra jostailu bat da beste askoren artean, baina aldaketarako leihoak ireki dituela dirudi, aldaketa guziek jasaten baitituzte kritikak. Haatik, ez da plazer modu bat bestea baino hobea, ez dago plazer modu bakar bat, norberak bilatu behar du berea. Bakoitza aske sentitu dadila hobekien doakiona aukeratzeko epaitua sentitu gabe.