Sarean da Kukutzaren aldeko LipDuba
500 lagunek hartu dute parte Zea Maysen kantu bat oinarritzat harturik gaztetxean barrena egindako bidaian. Kukutzaren eraisketa galerazi nahi dute.
Errekaldeko gaztetxea Bilboko beteranoenetarikoa dugu. Duela hamahiru urte okupatu zuten egungo eraikina, 1998ko abuztuan, baina aurretik beste bi kapitulu eginak zituen auzoan autogestioaren aldeko okupazioak. 1996an Errekalde, Irala, Indautxu, Basurto eta Zorrotzako hainbat gaztek Kukutza kaleko eraikin huts bat okupatu zuten, euren gisara antolatu ahal izateko; Kukutza I deitzen zaio gaur proiektu harri. Hiru hilabete iraun zituen abenturak, bortxaz bota baitzituzten bertatik. 1998an Larraskitu kaleko Unzeta lantegi abandonatua okupatu zuten berriro; Kukutza II. Eta sei aste geroago berriro ere kalean jarri zituzten Udaletxeak bidalitako indar polizialek.
Kukutza IIIan ere, urte guzti hauetan susto bat baino gehiago izan dute. Hirutan sartu dira poliziak barrura eta behin eraikina hustera ere iritsi ziren. Baina Gaztetxea oso errotua dago inguruko gazteen eta auzotar guztien gogoetan, eta aurrera egitea lortu du denen bultzadarekin.
Egun beheko solairuan barra-kontzertu gunea eta ziber-liburutegia daude. Lehen solairuan, aldiz, barazki jantoki herrikoia, arroparen trukerako gunea, entsegu lokala eta bulegoa. Bigarren solairuan malabarista zein trapezisten entrenamendurako gunea, eskultura tailerra eta teatro entsaialekua daude. Eta hirugarren solairuan rokodromoa, gimnasioa eta dantza lokala eta azkenik etxebizitza.
Barakaldoko enpresa eraikitzaile bat da hau guztia behera bota nahi duena. Hau eta honen atzetik dagoen hainbat kolektiboren lana, gaztetxean eskaintzen diren tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak Sei etxebizitza bloke, salerosketa librekoak, egin nahi dituzte bertan, Kukutzatik salatzen den bezala auzoan 2.000 etxebizitzatik gora hutsak dauden arren.
Duela hiru hilabete agertu ziren bertara Udaltzainak etxea husteko aginduarekin. Ordutik hainbat ekimen egin dira gaztetxearen alde, besteak beste arrakasta handia izaten ari den sinadura eta atxikimendu bilketa. Eta LipDuba sareratu dute orain. 500 lagunek hartu dute bertan eta ohikoa baina metraje luzeagoa duen lana osotu dute: Hamar minututik gorako bidaia gaztetxean barrena. Kukutza bizi bizirik dagoela erakutsi nahi izan dute honekin, jende askoren sostengua duela eta ekimen askoren sostengua dela.
Eztabaidarako jardunaldia uztailak 6an
'Hiria eta erantzukizun politikoa. Irtenbide bat Kukutzarentzat' gaitzat hartuta mahingurua eta eztabaida irekia burutuko da gaztetxean 18:00etatik aurrera. Jordi Borja urbanista, Imanol Zubero Soziologoa eta Joan Subirats eta Pedro Ibarra zientzia politikoko irakasleak izango dira hizlari gonbidatuak.