Sare sozialetan esaterik komeni ez diren hitzak saihesteko trikimailuak erabiltzea
Sare sozialek edukiren bat erretiratuko diguten beldurra izaten dugu sarritan, eta horregatik autozentsurarako joera izaten da.
Konturatuko zineten sare sozialetan zenbait hitz erabiltzea saihesten dela plataformak eduki hori ezabatu edo zigortu ez dezan. Izan ere, batzuei gertatu zaie haien bideoa edo argitalpena desagerrarazi izana edo sareetan ikustaldi gutxi izan dituela jabetu izana.
Hizkuntza guztietan gertatzen da eta bakoitzean konponbide ezberdinak erabiltzen dira. Hitz horiek erabiltzea saihes daiteke edota beste modu batera kodifikatzea, esaterako, 'sexua' hitza ez erabiltzeko zenbakiak sartzea: "s3x4a". Tontakeria dirudi itxuraz, baina algoritmoa engainatzea da helburua, ustez debekaturik dauden hitz edo esaldiak baztertze aldera. Zenbaiten iritziz enpresen agenda politikoak markatzen du debekua, eta baita iragarleentzat espazioa garbitu nahi izateak ere.
Youtube, Meta eta TikTok-ek ukatu egin dute halako debekurik edo zentsurarik izaten denik, baina enpresen zein norbanakoen esperientziek kontrakoa diote. Adituen iritziz, hitz jakinak baino, zenbait eduki mugatzeko joera dute teknologia enpresek.
Sare sozialetan ibiltzen diren zenbaitzuen iritziz, beste plataforma bat aipatzea zigortu egiten dute, ez dutelako inor beste nonbaitera joaterik nahi.
Halako gauzak ekiditeko erabiltzen da beraz autozentsura, edo hitz edo esaldi jakinak beste modu batera ematen dira, algoritmoak identifika ez ditzan.
Hizkuntzarekin lotutako gorabeherak
Duela hilabete batzuk, Janire Atxurrak berak TikTokera igotako bideoekin izandako arazoen berri eman zuen. Aulestiar gazteak nabarmendu zuen"frustragarria" zela, eta "euskarazko edukiak sortzeko gogoa kentzen dutela". "Pare bat egunetan jarraian bideoak ezabatu zizkidatenean, euskaraz gehiago ez egitea pasa zitzaidan burutik. Izan ere, denbora eskatzen du bideoak egiteak, zer esanik ez editatu behar badira. Ezer txarrik izan gabe, bideoak ezabatzeak amorrua ematen du. Hala ere, egoskor jarraituko dut euskarazko bideoak egiten, eta kontua kendu behar badidate, ken diezadatela".
Iruzkinekin izandako gorabeherak ere nabarmendu zituen: "Euskarazko iruzkin asko onartu egin behar izaten ditut, TikToken algoritmoak ez dituelako ulertzen eta iraingarriak direla pentsatzen duelako. Zuzenekoetako iruzkinekin ere gauza bera gertatzen da. Nire jarraitzaileek egindako "Zer ari zara afaltzen?" edo "Bermeokoa zarela uste nuen" komentarioak ezabatu egin izan ditu, iraingarritzat jota. Iruzkin normal askoak ezabatu edo mugatu egiten ditu. Iruzkinak dituzten bideoak gehiago zabaltzen ditu TikTok-ek, eta jendearekin elkarreraginean aritzeko aukera ere ematen du".